Kopako finalerako sarrera sinbolikoa bidali die Realak bazkideei
Espainiako Futbol Federazioaren erabakia oraindik ofiziala ez bada ere, Realak bere bazkideei aurreratu die apirilaren 3an jokatzekoa den Athleticen aurkako Kopako finala (2019/2020 denboraldikoa) zalerik gabe jokatuko dela. Hain zuzen, gutun bat bidali die bazkide guztiei, Asier Illarramendik sinatutako testu batekin eta finalerako sarrera sinboliko batekin.
Gutunaren bidez, zaleen babesa eskertu du klub txuri-urdinak, eta “beti egongo zara gurekin” irakurri daiteke sarreran, Anoetan entzun ohi den abestia zaleei eskainiz. Horretaz gain, klubaren sorrera urtea (1909) eta mutilen taldeak irabazitako azken Koparen urtea (1987) ere agertzen dira sarreran, besteak beste.
Illarramendik sinatutako testuan ere eskerrak eman dizkiete zaleei, eta bazkideei eskatu diete gutunak bidaltzeko, jokalariek finalaren aurretik irakurtzeko eta zelaira realzaleen indarrarekin ateratzeko.