Liburuaren Eguneko azoka bertan behera utzi dute
Liburu Azoka bat, Gipuzkoa plazan. (Argazkia: Beñat Parra) Apirilaren 23an, Liburuaren Egunean, Donostian egitekoa zen Liburu Azoka bertan behera uzteko erabakia hartu du liburu saltzaileen gremioak, osasun egoera dela eta. Hala aurreratu dio Adolfo Lopez Chocarrok, gremioko presidenteak, El Diario Vasco egunkariari.
2020an egin zuten moduan, Liburuaren Eguna liburu dendetan ospatuko dute, %10eko ohiko deskontua mantenduz. Izan ere, presidentearen aburuz, saltokietan jende kopurua eta osasun neurriak kontrolatzea askoz errazagoa da, eta, beraz, seguruagoa da horrela.
Era berean, sare sozialetan kanpaina bat egiteko asmoa dute, inguruko pertsona ospetsuen bideoak zabalduz, irakurtzeko gomendioekin, besteak beste. Kanpaina apirilaren 2an abiatuko dute, Haur eta Gazteentzako Liburuaren Egunean, eta hilabete guztian zehar garatuko dute.

