Txotxongillo antzerki taldeak Loiolan ospatuko du bere 50. urteurrena
Txotxongillo antzerki talde ezagunak 50 urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko, Erreka Mari, Euskal Herriko azken lamina obra taularatuko dute Loiola Kultur Etxean. Lan hori duela 42 urte, 1978an, estreinatu zuten Donostiako Antzoki Zaharrean, eta Euskal Herriko mitologian sakontzen ditu bere sustraiak, ingurumena zaintzeari eta besteekiko errespetuari buruz hitz eginez.
Loiolako emanaldia ostiralean, hilaren 5ean, izango da, 18:00etatik aurrera, eta gonbidapenak loiolakulturetxea@donostia.eus helbide elektronikora idatzita eskatu behar dira. Pertsona bakoitzak bi gonbidapen eskatu ahal izango ditu gehienez, eta kultur etxeko sarreran jaso ahal izango dira.