Emakumeen Nazioarteko Eguneko egitaraua, Donostian
Martxoaren 8an manifestazioa egingo du Donostiako Asanblada Feministak. Emakumeen Etxeak, auzoetako asanblada feministek eta neska* gazteek jarduera ugari antolatu dituzte.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak adierazi du “sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta borrokan jarraitu” behar dutela, eta horregatik, martxoaren 8an kalera aterako dira Euskal Herriko “erdigune eta bazter guztietan”, Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean. Donostian manifestazioa egingo dute Antiguako tuneletik abiatuta, 18:30ean. Donostiako Asanblada Feministak martxoaren 8an aldarrikatuko duen leloa Sistema arrazista arrakalatu, feministok dena aldatu izango da. “Emakume, trans eta bollerak” kaleak hartzera animatu dituzte, eta osasun-neurri guztiak betetzea bermatuko dute.
Donostiako Udalak ez du bat egingo Donostiako Asanblada Feministak martxoaren 8rako deitutako manifestazioarekin, “osasun-egoeragatik”; bai, ordea, Emakumeen Etxeak. Hala ere, hainbat elkarterekin elkarlanean, egitarau zabala osatu dute udalak eta Emakumeen Etxeak Emakumeen Nazioarteko Egunerako. Esaterako, Esaterako, Haurralde fundazioak, Emakume Musulmanen Elkarteak, BeKoz Beko elkarteak, eta Malen Etxeak antolaturik, El Opresor tiene Nombre izeneko performance bat egingo dute Katalunia plazan, 11:30ean. Emakumeen Etxeak autodefentsa feministako hainbat ikastaro ere eskaintzen ditu, eta martxoaren 7an Me too antzezlana eskainiko dute Ainhoa Aierbe eta Tessa Andonegi aktoreek Larrotxene kultur etxean, 18:00etan. Egitarau osoa Berdintasun saileko webgunean dago.
Auzoetan ere izango dira aldarrikapenak martxoaren 8an, eta auzoetako asanblada feministek arratsaldeko manifestazioan parte hartuko dute. Groseko asanblada feministak, esaterako, auzo-zutabea osatuko du 17:30ean Katalunia plazan. Txitxibitxiak Antiguako asanblada feministak botereari buruzko hainbat kartel jarri dituzte: denbora, ahotsa edota espazio publikoa izatea boterea dela adierazi dute horrela. Amara Berrin, berriz, Ikasbide kultur elkarteak antolaturiko hitzaldian osasuna eta generoa aztertuko ditu Maialen Berridi Agirre adituak. Martxoaren 9an egingo dute, 19:00etan, Ikasbide kultur elkartearen egoitzan.
Intziri Neska* Gazte Taldeak eta Ikama ikasle antolakundeak ikastetxeetan egingo dituzte jarduerak. Zurriola ikastolan, talde argazki bat egingo dute, goizeko lehenengo patio orduan. Usandizaga institutuan, 13:00etan ikastetxearen kanpoaldean elkartuko dira, eta argazkia egiteaz gain, Euskal Herriko mugimendu feministaren genealogia ikastaroa egingo dute. Luberri institutuan, ikastaro hori bera egingo dute 13:15ean, eta 14:40ean elkarretaratzea eta argazkia egingo dituzte. Xabier Zubiri Manteo institutuari dagokionez, 11:40ean talde argazkia egingo dute jolastokian, eta Batxilergoko ikasgela guztietan mugimendu feministaren inguruko ikastaroak egingo dituzte 12:10etik aurrera.
Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, berriz, martxoaren 8an elkarretaratzea egingo du 17:30ean Egiako epaitegien aurrean, Emakume langileon interesen defentsan, lege burgesa borrokatu! lelopean. Ondoren, bat egingo du Donostiako Asanblada Feministaren manifestazioarekin. Arrakala Ibaetako campuseko emakumeen taldeak, berriz, mobilizazioa egingo du 11:15ean, Ikasgelategiaren azpitik abiatuta.