Amber, Eddie eta gelakide lizunen azkeneko eskola urtea
Hurrengo lerroetan, ordena berezirik gabe, teen maitasun komedia arrakastatsua filmatzeko elementu beharrezkoak:
- Norbaitek koloretako eguzkitarako betaurreko handiak janztea.
- Sekundario barregarri eta zaratatsuak.
- Protagonistek bizi duten lehen jai zoroaren eszena zorabiagarria.
- “Utz nazazu bakean, ama!” dioen oihuren bat (ate danbateko batez jarraitua bada, hobe).
- Nerabe rolerako nagusiegiak diren antzezleak.
- Elkar maite duen gaztetxo bikote protagonista.
- Neon argiztapena eta moteldutako mugimenduak dituen eszena.
- Gaizki begiratzen duten gelakide gogaikarriak.
Aretoetan estreinatu berri den Dating Amber–ek (2020), noski, genero honetako adibide ona den heinean, den-denak betetzen ditu. Tira, egia esatearren, badago David Freyneren azken filmak erabiltzen ez duen topiko bat, maitasun komedien oinarri-oinarria dena: elkar maite duen bikote protagonista.
Maitaleak badira, nolabait, Lola Petticrewren Amber eta Fionn O’Shearen Eddie, kontua da bata lesbiana dela eta bestea gay. Homosexualitatea despenalizatu berri zuen 95eko Irlanda katolikoko testuinguruan, herri txiki militarizatuko presio eta zurrumurruetatik aldentzeko erabakitzen dute bi gazteek amorante plantak egitea. Dating Amber, beraz, zuzendariak berak bizitako garai eta egoeren memoria izateaz haratago, haien tokia eurenganatzeko ahaleginetan dabiltzan bi gazteren arteko laguntasun samurraren erretratua da; hori guztia, estetika koloristaz eta britpop doinu malenkoniatsuez apaindua.
Osagai erromantikoa murritza bada ere, beste hainbat ekarpen zoragarri egiten ditu filmak nerabeen filmen iruditegiari. Hala nola, Eddiek drag queen bati besarkatuta negar egiten duen unea, Amber eta Sararen itsasertzeko zita, edota Amberren ametsa Londresen liburu-denda anarkista irekitzea izatea. Primerakoak dira bi protagonistak, zalantzarik gabe, filmeko elementurik gogokoena.
Drama eta komediaren arteko muga problematikoan, askotan ez dira umore garratzak dakartzan bitxikeriak oso ondo ulertzen, eta harrezkero filmak zentzua galtzear dagoela dirudi batetan baino gehiagotan. Dena den, orokorrean, arina eta disfrutagarria da Dating Amber, ezer berririk ekartzeko asmoa ez badu ere, freskagarria gertatzen dena.
Dating Amber-ek berritzailetik zerbait badauka, gehiago da David Freyne zuzendariaren lanari dagokionez. Izan ere, zinemagile irlandarrak oso genero ezberdinean murgilduta hasi zuen bere filmografia: beldurra. Hartara, zerikusi gutxi duten haien artean The Cured (2017) zonbi istorio basatiak eta Dating Amber eztiak.
Submarine (2010) klasiko ederraren eta Booksmart (2019) edo Lady Bird (2017) axolagabeen artean mugitzen da Dating Amber, lehenengoaren sakontasuna edo beste bien indarra guztiz erdietsi gabe. Hala ere, doinu propio erakargarria badu filmak, obratxo bihotz-altxagarriak, Eddie eta Amber maitagarriak aurkezterakoan.