Donostiako 210 eraikin gehiagoren fatxadak babestuko ditu udalak
Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) katalogoa aldatu du udalak, eta 210 eraikin gehiagoren fatxadak babestuko dituzte: guztira, 1310 elementuk osatuko dute babestutako elementuen katalogoa. Udalak jasotako 30 alegazioak aztertu eta gero, babestu beharreko ondarea arautzen duen legea berrikusi du Donostiako Udalak, eta martxoaren 25eko bilkuran onartuko dute aldaketa.
Babestutako hiri ondarearen zerrendara batuko diren 210 eraikinetako 15o etxeak dira: gehienak XX. mende hasieran eraikitakoak dira, eta Ategorrietan, Intxaurrondon, Aldapeta eta Fedearen pasealekuan, Egiako galtzadan eta Itsasargiaren pasealekuan daude gehienak; Heriz pasealekuko 28 etxe eta Loiolako Hiri Lorategiaren etxe-multzoa ere babestuko dituzte. Grosen, Erdialdean eta Ondarreta inguruan dauden zenbait bizitegi-eraikin ere babestuko dituzte, baita eraikin erlijioso batzuk ere: Elizbarrutiko Seminarioa, esaterako.
Babes maila gorena izango dute martxoaren 25etik aurrera Parte Zaharreko eta Kaiko monumentu-multzoak, Villa Aldamak, Uliako Udal Ur Biltegiak eta Haizearen Orraziak. Euskadi plazako Equitativa-ren eraikinak babes handiagoa izango du.
Legearen aldaketaren berrikuntza nagusia Ondarearen Aholku Batzordearen sorrera izango da. Batzorde hori hainbat adituk eta udal arduradunek osatuko dute, eta beraien zeregina izango da katalogoan elementu berriak sartu edo ateratzea erabakitzea, tokiko araubidearen prozedura jarraituta. Horrela, katalogoaren aldaketa azkartu egingo da, eta babestutako ondarearen kopurua handitzea ahalbidetu dezake horrek.
Eraikinen fatxadak babesten ditu soilik EHOBPB legeak, eta barnealdea nahi bezala eraldatu daiteke. Hori gertatu da Muebles Eceiza saltokiarekin.
Bestalde, Donostiako baserriak eta ondare industriala babestea ez du aurreikusten aldaketak, baina udaleko Hirigintza saileko zuzendari Jon Txabarrik adierazi duenez, Ondarearen Aholku Batzordeak baloratu lezake eraikin horiek babestea. Txanpuene baserria eta Erbetegi etxea eraitsi dituzte, besteak beste, ondare arkitektoniko eta historiko handiko eraikin horiek babes juridikorik ez dutelako. Ondare industrialari dagokionez, Herrerako Oxigraf fabrika eta Añorgako Firestone babesteko eskatu izan du Ancora elkarteak.
Loiolako kuartelei dagokienez, ondare arkitektonikoaren babesa ez du bermatzen legearen aldaketak: “Ez du behar beste balio”, adierazi du Hirigintza saileko zuzendariak.