Errepublika garaiko ikurra babestu nahi dute
Altzako armarriak 89 urte daramatza Herrerako tren geltokian. Espainiako II. Errepublika garaiko Altzako Udalak jarri zuen 1932an, herri ekimen baten bidez. Geltokia berritzeko lanak direla eta, herritarrek eskatu dute armarria jatorrizko lekuan mantentzeko.
Herrerako tren geltokia baino zaharragoak dira pasabidea eta armarria. 1932an eraiki zuten Altza eta Herrera lotzen dituen oinezkoentzako tunela. Horren testigu da pasabidearen buruan dagoen Villa de Alza armarria. Izena ez ezik, aipaturiko urtea ere zizelkatuta ditu. Espainiako II. Errepublikako udal hauteskundeetan osaturiko Altzako Udalbatzak erabaki zuen tunela egitea. «Herritarrek aukeratutako lehen udala izan zen, eta lehen urtean egin zituzten herri lanetako bat izan zen lurrazpiko tunelarena», azaldu du Altzako Historia Mintegiko Iñigo Landa Ijurkok.
Armarriak ez du kororik. «Ikur errepublikazalea da», nabarmendu du Landak. Errepublika bertan behera geratu zen 1936ko gerraren ondoren, baina armarriak leku berean jarraitu zuen. Aldiz, Herreran tren geltokia jartzeko lehen eskaera 1939koa dela dio Landak: «Norteko trenbidearen geraleku bat jartzeko lehen eskaera Basilio Sarasola zinegotziak egin zuen, Altzako Udaleko osoko bilkuran, Altza Donostiari anexionatzeko behin betiko onartu zen osoko bilkura berean».
Francoren gobernuak trenbide guztiak nazionalizatu zituen, eta 1941ean Renfe estatuko enpresa sortu zuen. «Altza Donostiaren mende geratu ondoren, Donostiako Udala izango da 1943. urtean Renferi Herreran geraleku bat jartzea eskatuko diona, baina urtebete geroago ukatu egin zioten eskaera», azaldu du Landak. Azkenik, Herrerako tren geltokia 1950. urte inguruan hasi zen zerbitzua ematen. Armarriak leku berean jarraitu zuen, eta gaur egun arte iraun du pasabidearen sarreran.
Duela lau urte Donostiako Udalak mantentze lanak egin zituen tunelean, eskailera eta baranda berrituz eta hormak margotuz. «Armarria ere margotzeko asmoa zuten, baina baztertzea erabaki zuten. Izan ere, hareharrizkoa da eta oso hauskorra», azpimarratu du Landak.
Lanekin kezkatuta daude
Otsailaren 1ean hasi zituen Renfek Herrerako geltokia berritzeko lanak. Auzotarrak pozik daude irisgarritasun arazoak konpondu eta pasabidearen zikinkeria, hezetasuna eta argiztapen falta hobetuko dituztelako. Era berean, kezkatuta daude geltokiaren jatorrizko ondarearen etorkizunarekin. Batez ere, tunelaren sarrerako armarria babesteko eskatu dute hainbat herritarrek.
Herrerako Herripe auzo elkarteak eta Altzako Historia Mintegiak bat egin dute eskaera eta kezkarekin: «Proiektuan armarriari buruzko aipamenik ikusten ez dugunez, kezkatuta gaude armarriak hondakindegi batean buka dezakeelako. Horregatik, Altzako ondare historikoa den elementu hori babesteko eta egungo kokalekuan gordetzeko eskatzen dugu».
Asteartean, hedabide honek Eneko Goia alkateari armarriaren inguruan galdegin zion Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan. «Gure asmoa da armarria babestea. Hori da Renferi eskatu dioguna», esan zuen Goiak.