Trinitate plazako boxeo jaialdiak
Euskal Herrian zale asko zituen boxeoak aurreko mendearen bigarren erdian. Herriko plazak, frontoiak eta zezen plazak erabiltzen zituzten boxeolari onenen jaialdiak antolatzeko. Esaterako, Donostiako Trinitate plaza.
Esku pilota, futbola, saskibaloia eta herri kirolak betidanik ikusi ditugu Parte Zaharreko Trinitate plazan, baina 1960ko eta 1970eko hamarkadetan boxeo jaialdiak ere ohikoak ziren.
Izan ere, garai haietan boxeoa euskaldunen eta donostiarren kirol gogokoenetarikoa zen: ikusgarria eta apustu egiteko erraza, eta boxeolariak izarrak ziren guztiz, gaur egungo futbolarien antzera. Herriko plazetan, frontoietan eta zezen plazetan ring-ak jarri eta jendez betetzen ziren; Donostian Trinitate plaza zen funtzioz aldatzen zuen horietariko bat. Boxeo entrenamenduak egiteko azpiegiturak ere garatuago zeuden garai horietan, eta Orly Hotelaren azken solairuan Jose Manuel Ibar Urtain boxeolari ezagunak asko erabiltzen zuen gimnasio bat zegoen.
Boxeo jaialdi ugari horietako batean parte hartu zuen Tekyla Rodry boxeolariak, eta Andres Rodriguez Robles idazleak El Placer de Tan Malos Tiempos liburuan Andaluziako boxeolariaren hitzak jaso zituen: «Orly Hotelean Urtain izar bihurtzeko espreski egin zuten gimnasio bat zegoen. Boxeolari ororen ametsetako gimnasioa zen hau, oso ondo hornituta zegoen, eta Kontxako Badia guztia ikusten zen. Halako batean, Urtain aurkeztu zidaten:
-Begira, Urtain, hau Tekyla Rodry da.
-Bai, ikusi nuen Trinitate plazako jaialdi batean. Borroka ederra egin zenuen, asko gustatu zitzaidan.
-Mila esker, Urtain, plazera da zu ezagutzea».