Txomin Txiki etxeko arkua eta armarria auzoko sarrerako biribilgunean jarriko dituzte
Txomiñeneko sarrerako biribilgunean Txomin Txiki etxe zaharreko arkuak, zutabeak eta armarria jarriko dituzte, Lanberri auzo elkarteak sare sozialetan azaldu duenez. Udaleko partaidetza sailak auzo elkarteari emandako informazioa partekatu du Lanberrik, eta emaitza ikusteko gogoz agertu dira auzo elkartekoak.
Bestalde, azaldu dute biribilgunean jarri duten ekaitz-tangen etxolak ezin duela lur azpian egon, uholdeak baldin badaude, kalteak ez izateko. Horregatik, udalak auzo elkarteari jakinarazi dio etxola landareekin eta artista plastiko baten esku hartze artistiko batekin apainduko dutela, “etxola disimulatzeko eta inguruarekin bat egiteko”. Hain justu, Txomin Txikiko arkuaren aldetik margotuko dute etxola, eta beste aldetik jarriko dituzte landareak.
Iazko irailean, hedabide honek biribilgunearen eta Txomin Txiki etxearen nondik norakoak izan zituen hizpide, eta erreportaje bat argitaratu zuen, auzo elkartearekin eta Ancora Ondarearen Babeserako Elkartearekin hitz eginda.