Txorien atsedentoki eta janleku zena igarobide bihurtu da orain
Udaberriko hegaztien migrazio handien garaian gaude aste hauetan, eta Donostiako zeruan espezie askotako txoriak ikus daitezke hego mendebaldetik ipar ekialderako bidaian. Antzina, baina, hauek Donostian geldialdia egiten zuten atseden hartzeko eta jateko.
Hegan egitea; askorentzat, txikitako desira. Beste batzuentzat, betiko beldurra. Hegazti gehienentzat, baina, gizakiontzat ibiltzea bezain oinarrizkoa eta garrantzitsua da hegan egitea, eta gainontzeko ornodunekin alderatuz, mugitzeko aukera gehiago dute abantaila ebolutibo honi esker. Egun batean milaka kilometro egin ahal izateak leku ezberdinetan bizitzeko modua ematen die hegazti askori, eta espezie asko Europara itzultzen dira negua Afrikan pasa ostean.
Hector Gonzalez Itsas Enara elkarteko presudente eta ornitologoak kontatutakoaren arabera, migrazio hauetan Gibraltargo itsasartea pasa eta Iberiar penintsula zeharkatzen dute hegaztiek, Kantauri itsasoko kostaldera iritsi arte. Orio ingurura iristean, kostaldearekiko paraleloki pasatzen dituzte Oria, Urumea eta Bidasoa ibaien bokaleak: «Txoriek haien N-1 partikularra egiten dute Donostiatik Txingudira, Jaizkibel eta Aiako Harriaren artean», dio hegaztietan adituak.
Kantauri itsasoaren ekialdean hegaztiek atseden hartzeko gogoko dituzten hainbat hezegune daude. Donostia horietariko bat zen antzina, baina igarobide bihurtu da orain. Horrela azaldu du Hector Gonzalezek: «Urumea zabaltzen den eremuan hondartza eta hezegune handiak zeuden, lohi askorekin. Gaur egungo Urdaibairen edo Santoñaren antza handia zuen. Gerra napoleonikoetan, adibidez, ingelesek arazo handiak izan zituzten konkistarako. Baldintza horiek hegaztiak erakartzen zituzten, jateko asko baitzuten eremu zabal horietan. Gaur egun, baina, urbanizatuta dago zati handiena, eta hemen geratu beharrean Txingudira joaten dira hegazti gehienak».
Hala ere, hegazti guztiek ez dute berdin migratzen. Denetarik dago: migratzen ez dutenak, distantzia laburreko migrazioak egiten dituztenak eta kontinente artekoak egiten dituztenak. Azken asteotan, Afrikatik datozen espezie asko ari dira pasatzen Donostiaren gainetik, kurrilo taldeak adibidez. «Datozen asteetan enara arruntak, enara azpizuriak eta txio arruntak iritsiko ditugu, besteak beste», dio Gonzalezek.
Kaskabeltzek, txantxangorriek eta buztanbeltzek, besteak beste, migrazio oso partzialak egiten dituzte. «Hegazti hauek eremu altuagoetan bizi dira, Adarran, Pagoetan eta Aiako Harrian, baina neguko egun hotzenetan hirira jaisten dira babes bila. Hau dela eta, neguan udan baino txantxangorri gehiago ikusten ditugu hirian», azaldu du adituak. Harkaitz txoria da alturako migrazio honen erakusgarri onena. Txori hau Piriniotako mendi altuetan umatzen da, arroketan, eta lehen elurteekin kostaldera etortzen da; Igeldoko eta Uliako arrakaletan ikusi daiteke neguan.
Miruak dira orain migratzen ari diren beste hegaztiak. Miru gorriak negua penintsulan pasatzen du, eta orain hasi dira Europako iparraldera joaten, baina miru beltza hasi da hegoaldetik etortzen, Afrikan negua pasa ostean.
Salbuespen pozgarriak
Nahiz eta hiriaren zabalkundeak Urumeako hezeguneekin amaitu zuen, oraindik badira bizirik dauden natura gune gutxi batzuk, eta oasi bihurtu dira migratzen dabiltzan hegaztientzat: Antondegi, Ametzagaina, Uliako eta Igeldoko arrakalak, Puio eta Oriamendiren moduko lekuak txoriz betetzen dira udaberrian eta udazkenean.
Urre txirrit arrunta da garai hauetan iparralderanzko bidaia egiten ari den beste txorietako bat, eta Donostia inguruan agertu dira egunotan: «Pagoetan ikusi ditut duela gutxi urre txirrit arruntak, baina baita Antondegin ere. Halako muinoak gogoko dituzte txoriek atseden hartzeko eta jateko. Surf parkearen moduko proiektu erraldoi hauek eremu degradatuetan egin behar dira, uste duguna baino eragin handiagoa baitute naturarengan», dio Gonzalezek.
Klima aldaketaren eragina
(Hirigintza proiektu erraldoiek ez ezik, klima aldaketak ere hegaztien migrazioa asko aldatzen duela dio Gonzalezek. Izan ere, lurraren tenperatura igotzeak neguak goizago amaitzea eragin du, eta hegaztiak gero eta lehenago hasten dira hegoaldetik iparralderako bidaia egiten. Epeez gain, bizitzeko eremuak ere aldatu dira.
Urretxoria, adibidez, geroz eta gehiago ikusten da Euskal Herrian, Gonzalezen arabera. Espezie hau mediterraneokoa da batez ere, baina gero eta ohikoagoa da iparraldean ikustea.
Txirri ilunaren kasua ere oso berezia da. Zirkulu polar artikoko espeziea da, eta Europa hegoaldean ematen du negua. Gipuzkoan egoten diren leku bakarra Donostiako Salamanka pasealekua da, eta lehen «hamar edo hamabi» iguru etortzen ziren, baina orain bi. Hala azaldu du fenomenoa Gonzalezek: «Berandu etortzen dira, azaro aldera, baina orain ez dute hain hegoaldera etortzeko beharrik, iparraldean baldintzak ez baitira hain krudelak. Frantziako hainbat eskualdetan geratzen dira orain».
Klima aldaketa dela eta, lehen migratu egiten zuten espezie batzuk urte osoan zehar hemen geratzen hasi dira. Lepitzulia, adibidez, lehen beti joaten zen Afrikara, baina orain neguan hemen geratzen hasi da. Enarekin ere antzekoa gertatzen ari da, eta honela azaldu du adituak berak bizitakoa: «Negu honetan enarak ikusi ditugu Gipuzkoako herri batzuetan, Zumaian eta Deban, adibidez. Duela urte batzuk Sevillan ikustea oso arraroa zen, eta orain hemen ikusteak argi uzten du klima aldaketaren eragina zein den».