Andrazko aktore berririk onenaren Goya saria eskuratu du Jone Laspiur donostiarrak
![Jone Laspiur aktore donostiarra. (Argazkia: Irati Salsamendi Lozano)](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2021/03/jone-laspiur.jpg)
Espainiako Zinemaren Akademiak banatzen dituen Goya sarien 35. gala egin zuten atzo Malagan (Espainia), eta sari garrantzitsu bat etorri da Donostiara: Andrazko aktore berririk onenaren Goya saria eskuratu du Jone Laspiur aktore donostiarrak, Ane filmean egindako lanagatik. Ane filmak beste bi sari eskuratu ditu: emakumezko aktore protagonista onenarena (Patricia Lopez de Arnaizentzat), eta egokitutako gidoi onenarena (David P. Sañudorentzat eta Marina Paresentzat).
Jone Laspiurrek Akelarre filman ere parte hartu du, eta film horrek bost Goya sari irabazi ditu. Horietako bat efektu berezi onenen saria izan da, eta Mariano García Marty eta Ana Rubiok eskuratu dute: Donostiako Drama FX taldekoak dira.
Bai Ane, bai Akelarre iazko Zinemaldian izan ziren, eta Laspiurrek ere lehen aldiz parte hartu zuen Zinemaldian, bi filmetan, baita Alarde telesailean egindako lanari esker. Hain zuzen, hedabide honek Laspiurrekin hitz egin zuen zinema jaialdiaren ondoren.