Hormairudi bat egiten ari dira Amnesty International eta Kolore Guztiak, martxoaren 8aren harira
![Zenbait boluntario, hormairudia margotzen. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki)](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2021/03/amnesty-international.jpg)
Martxoaren 8aren harira, Amnesty International eta Kolore Guztiak elkartea hormairudi bat egiten ari dira Pasealeku Berrian, “emakumeen borroka omentzeko”, Jorge Correa Amnesty International erakundeko boluntario eta Kolore Guztiak elkarteko proiektuen arduradunak azaldu duenez. Koldobika Jauregi artistak egin du diseinua: “Amnistia Internazionalak aspalditik du harremana Koldobika Jauregirekin, Giza Eskubideen Zinemaldian banatzen diren eskulturen diseinuaz arduratzen delako”, azaldu du arduradunak.
Azaroaren 25aren harira (Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna) egin zuten hormairudiaren ondoan ari dira margotzen martxoaren 8koa: “Koldobikak natura asko maite du, eta emakumeen borroka konstantea denez eta itsasoaren ondoan gaudenez, ilargiaren zikloak irudikatzen ditu hormairudiak, baita mareengan duten eragina ere. Ilargiak eta mareak konstantziarekin dute lotura, egunero gertatzen dira eta gertatzen jarraituko dute. Ilargiak konstantzia irudikatzen du, eta mareak zikloak.”
Amnesty International erakundeko aktibistak eta Kolore Guztiak elkarteko boluntarioak ari dira hormairudia margotzen, eta bihar arratsaldean aurkeztuko dute.