39 koronabirus kasu positibo Donostian ostiraletik igandera

Intzidentzia metatua 86,63koa da gaur, eta behera egiten jarraitzen du. Lau osasun-eremutan egin du gora intzidentzia metatuak, eta Loiolan hutsa da.

Intzidentzia metatuak behera egin du bederatzi osasun eremutan. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki)

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 39 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian ostiraletik igandera: 11 kasu positibo ostiralean, 15 kasu larunbatean, eta 13, berriz, atzo. Horrela, intzidentzia metatua 86,63koa da gaur, eta behera egiten jarraitzen du. Izan ere, intzidentzia metatua 91,56koa zen ostiralean, eta 100,88koa ostegunean. Hirian aste batzuk daramatza behera nabarmen egiten. Otsaila gune gorrian murgilduta hasi zuen Donostiak, eta orain eremu horian dago.

Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatze abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.

Herrien konfinamendu perimetrala bertan behera uztea erabaki du LABIk, eta bihartik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahal izango da. Horrela ere, gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraituko dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.

Txertaketa prozesuari dagokionez, duela bi aste 100 urtetik gorako pertsonek jaso zuten txertoa, eta joan den astean 90 urtetik gorakoekin hasi ziren Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gainera, Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekin zion aurreko astean, Illunbeko zezen plazan abiatu zuen probaldi fasearekin. Hezkuntza arloko 55 urtetik beherako langileak –irakasleak eta jangeletako langileak– txertatzen ari dira Illunben, Astra Zeneca txertoarekin.

Intzidentzia osasun eremuka

Lau osasun-eremutan egin du gora intzidentzia metatuak: Aieten, Parte Zaharrean, Altza-Rotetan eta Amara-Erdialdean. Grosen berdin mantendu da, eta gainerako osasun-eremuetan behera egin du. Loiolako intzidentzia metatua 0 da:

  • Egia: 128,50
  • Aiete: 128,35
  • Parte Zaharra: 115,61
  • Altza-Roteta: 86,76
  • Bidebieta: 83,25
  • Ondarreta: 77,79
  • Intxaurrondo: 61,34
  • Amara-Erdialdea: 58,76
  • Amara Berri: 58,46
  • Gros: 57,41
  • Loiola: 0,00

Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:

  • Aiete: 4
  • Altza-Roteta: 3
  • Bidebieta: 2
  • Egia: 2
  • Amara Berri: 1
  • Gros: 1
  • Amara-Erdialdea: 0
  • Parte Zaharra: 0
  • Intxaurrondo: 0
  • Loiola: 0
  • Ondarreta: 0
HITZAkide HITZAkide