Biarritz Olympiquek Donostian jokatuko duen zurrumurrua gezurtatu du Eneko Goiak
(Argazkia: Biarritz Olympique) Joan den astean Biarritz Olympique errugbi taldeko presidenteak, Jean-Baptiste Aldigek, taldea deslokalizatzeko aukerak daudela adierazi zuen, eta aukera horietako bat Donostia dela gehitu zuen. Biarritzeko taldeak arazoak izan ditu hiriko alkatearekin, Maider Arostegirekin, proiektu baten finantziazioagatik, eta taldea deslokalizatzearekin egin du mehatxu. Hala ere, Eneko Goiak adierazi du zurrumurru hauek faltsuak direla, eta zerbait egin edo adostu aurretik Maider Arostegirekin hitz egingo duela gehitu du.
Donostiaren jarrera
Eneko Goiak ahalik eta lasterren amaitu nahi izan du zurrumurru hauekin: “Donostiak ez du jarraituko Iparraldean sortu dituzten zurrumurru hauekin, eta ez du Biarritz Olympique taldea jasotzeko asmorik. Ez dugu Biarritz Olymique taldearekin akordiorik egingo aurrez Maider Arostegirekin hitz egin gabe”.
Aguilera proiektua
Biarritz Olympique errugbi taldeak Aguilera proiektua onartu zuen, estadioa berritzeko, entrenamendu zentro tekniko berria egiteko eta etxebizitza batzuk egiteko. Otsailaren 15ean, baina, Biarritzeko Udalak atzera egin zuen proiektuaren zati baten finantzaketarekin, udalak diru gutxi duela arrazoituz. Bestalde, errugbi taldeak berak diru gehiago jarri behar duela adierazi zuen Maider Arostegik: “Biarritzek ez du taldeak aurkeztu duen proiektua ordaintzeko gaitasun ekonomikorik. Estadioa berritzeak bakarrik 15 milioi euro balioko ditu gutxienez”.

