"Halako industria batean 'Ane'-ren tankerako filmak egitea eta arrakasta izatea itxaropentsua da"
Goya sarietako emakumezko aktore berri onenaren saria jaso zuen larunbatean Jone Laspiurrek (Donostia, 1995) 'Ane' pelikulan egindako lanagatik. Lantaldeko inork espero ez zuela adierazi du.
Nolakoa izan zen saria saritu zintuzten unea?
Ez nuen batere espero, eta gure taldekook porra egin genuenean ez zuen inork nire izena esan, ezta nik ere. Ia ziur geunden Patriciak emakumezko aktore onenaren saria irabaziko zuela, eta gehiegizkoa iruditzen zitzaigun nik ere irabaztea. Emakumezko aktore berri onenaren saria, gainera, lehenengotarikoa izan zen, eta txundituta geratu ginen denok. Segundo batzuk behar izan nituen erreakzionatzeko, ez bainuen sinesten, eta kamarari begiratu beharrean taldekideei begiratzen nuen denbora guztian; ez nekien zer egin. Horrenbestekoa da poza!
Nola ospatu zenuten gero?
Saria jaso ostean gala normal jarraitzen saiatu nintzen, eta amaitu zenean oso pozik geunden, baina baita nekatuta ere. Ez genuen ere zalapartarako gogo handirik, baina goizeko laurak arte egon ginen landetxean berriketan.
Nondik jarraitu zenuten zuek sari banaketa?
Burgosko landetxe batera joan ginen taldeko kideok, eta gonbidaturen bat izan genuen. Xelebrea izan zen kontrastea; izan ere, sari banaketa hauek oso elitistak dira, glamourraren adierazpen gorena, eta mundu horretan egotea, baina aldi berean jarraipena landetxe batetik egitea bitxia da. Astoak, indioilarrak eta oiloak entzuten genituen sari banaketan, eta galaren erdian egurra bota behar izan genuen behin baina gehiagotan gure soinekoekin. Zentzu batean komikoa ere bazen kontraste hura.
Mezu asko dituzu erantzuteko?
Ehunka mezu ditut oraindik erantzun gabe Whatsappean, eta sare sozialetan ez dakit ezta zenbat ditudan, baina gehiago izango direla imajinatzen dut. Hau ere lan handia da, eta kanpotik ez da ikusten. Ordu asko dira elkarrizketak egiten, mezuak erantzuten eta argazkiak egiten. Oraindik ezin izan dut ia ospatu ere egin, eta oso gutxi egin dut larunbatetik hona. Eskertu nuen atzo kuadrillakoen sorpresa: ustekabean etxera etorri ziren konfetiekin.
Zer iruditzen zaizu Ane bezalako filmak hiru Goya sari irabaztea?
Film guztietako taldeek egin dugu lan asko, baina Ane filmaren proiektua oso berezia izan da: talde txikia, produkzio txikia eta laburmetraia batetik ateratako ideia. Oso berritzailea ere hein handi batean, eta ni bezalako hasiberri bati paper garrantzitsu bat emateak zeresan handia du. Filma osorik Gasteizen grabatu da, dena euskaraz, eta Errekaleorren laguntza ere izan dugu. Zinema industria masiboan orokorrean egiten denarekin ezberdintasun handiak dituen filma da hau. Halako industria batean Ane-ren tankerako filmak egitea eta arrakasta izatea itxaropentsua da.


