2016tik hona alokairuaren prezioa metro karratuko 3,1 euro igo da Donostian
Alokairuzko etxebizitza bat aurkitzea buruhauste bat da donostiar askorentzat, izan ere, Donostia Espainiako Estatuko hiririk garestiena da alokairuari dagokionean: Fotocasa higiezinen atariak iazko azaroan argitaratutako datuen arabera, alokairuzko metro karratuak 16,33 euroko prezioa du Donostian, Madrilen eta Bartzelonaren gainetik. Problematika hori aintzat hartuta. Idealista atariko datuetan oinarrituta, 2016tik 2021era alokairuaren merkatuan Donostian izandako bilakaera aztertu du Haritik Hirira geografo taldeak, eta Twitterreko hari batean azaldu dute.
Horrela, nabarmendu dute alokairuzko metro karratuaren prezioa 3,1 euro igo dela 2016tik hona Donostian: 2016ko apirilan 11,9 euroko batez besteko prezioa zuen alokairuzko metro karratuak, eta 2021eko urtarrilean, ordea, 15 eurokoa zen prezioa. Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburuetako datuak ere aztertu dituzte, eta denetan igo bada ere, Donostian izan da igoera handiena: Iruñean 2,3 euro igo da, Gasteizen 1,8 euro eta Bilbon 1,7 euro.
Era berean, 90 metro karratuko alokairuzko etxebizitza batek 2016an zuen batez besteko prezioa 2021eko prezioarekin alderatu dute lau hiriburuetan, eta, kasu horretan, igoera handiena Iruñean izango da: 2016an 639 euroko prezioa zuen etxebizitza batek 846 eurokoa du 2021ean, %32,39 gehiago. Donostia da igoera handiena izan duen bigarren hiria, baina 2016ko zein 2021eko prezioak Iruñean –eta beste bi hiriburuetan– baino nabarmen handiagoak dira Donostian: 2016an 1.071 euroko batez besteko prezioa zuen etxebizitza batek 1.350 eurokoa du 2021ean, hau da, %26,05 igo da.
Datuak aintzat hartuta, geografoek ondorioztatu dute prezioen gorakada ez dela ausazkoa: “Tendentzia gorakor hau dinamika orokorrago baten baitan kokatzen dugu, non higiezinen merkatua espekulaziorako eta gainbalioaren ateraketarako lehentasunezko eremua bilakatu den”. Ildo horretatik, etxebizitza turistikoen fenomenoak alokairuaren merkatuaren garestitzearekin harreman zuzena duela nabarmendu dute. Hain justu, duela aste batzuk, Airbnb plataformako Donostiako etxebizitza turistikoen datuak izan zituzten aztergai.
Hego Euskal Herriko hiriburuetan alokairuraren prezioak izandako bilakaera aztertu dugu (2016-2021):
— Haritik Hirira (@HaritikHirira) March 5, 2021
????????➡️+3,1€/m2
????̃?➡️+2,3€/m2
???????➡️+1,8€/m2
?????➡️+1,7€/m2 #HaritikHirira pic.twitter.com/jBw4GSqKuh