Infernua berritzeko hirigintza proiektuaren lanak aurten hasiko dira
Donostiako Udalak behin betiko onartu du Ibaetako Infernua eremuko hirigintza proiektuaren aldaketa. Hain zuzen, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatu dute eremu osoa birsortu eta birkalifikatzeko. Martxoko udalbatzarrean onartu ondoren, proiektua garatzen hasiko dira. Lanak urtea bukatu aurretik hasiko direla dio Donostiako Udalak.
Hirigintza proiektuaren helburua da Infernua eremua bizitegi eta zerbitzuen auzo bihurtzea. Plan Orokorraren aldaketak bi zona proposatzen ditu. Batetik, erabilera tertziarioko gunea –hirugarren sektoreari begirakoa–. Zuatzura doan Zubiberri bidearekin lotura zuzena izango du, eta han zerbitzu berriak jarriko dituzte. Bestetik, bizitegi eremua kokatuko dute zerbitzu gunearen eta ibilgailuen kontzesionarioaren artean. 540 etxebizitza aurreikusten ditu udalak, 270 babes publikokoak eta 270 etxebizitza libreak.
Trafikoa arintzeko biribilgune berri bat egingo dute, Infernuak duen norabide aldaketa egiteko eremuan. Plan Orokorraren aldaketak ere aurreikusten du Añorgako ubidea berreskuratzea. Era berean, ibaiaren ondoan parke bat egingo dute.
Añorgarekin lotura
Infernua berritu ondoren, udal gobernuaren asmoa Ibaeta eta Añorga elkartzea dela aurreratu du Eneko Goia alkateak. Añorga Txikiko bulebarizazioaren bigarren fasea litzateke. Ibaeta eta Añorga elkartzeko, tartean dauden errepide zein bidegurutzeak aldatu beharko lirateke. Goiak aurreratu du ideia horren inguruan dagoeneko hitz egin dutela Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Dena dela, epe luzerako proiektua litzateke.