10.000 janari poltsa banatu dizkie Hiritarron Harrera Sareak 650 laguni
2020. urtea bereziki zaila izan dela diote harrera sareko kideek. (Argazkia: Herritarron Harrera Sarea) Hiritarron Harrera Sareak 10.000 janari poltsa banatu zituen 2020. urtean, eta 650 pertsona inguru lagundu dituzte banaketa honi esker. 30 pertsonako lan talde bati esker lortu dute zerbitzu hau ematea, eta 100 diru emaile ingururi esker 15.000 euro lortu dituztela adierazi dute. Bestalde, Kutxa Fundazioari eta SOS Arrazakeriari ere eskerrak eman dizkiete, haien diru laguntzei esker beste 22.982 euro lortu dituzte eta: “Honi esker Elikagaien Bankuak astero ematen dizkigun elikagaiak osatu ahal izan ditugu, behar horiek duintasunez estaltzeko”.
Bestalde, konpainia lana ere egin dutela adierazi dute harrera sarekoek. Izan ere, beharrak dituzten pertsonek erakunde publikoen baliabideak lortzeko laguntza behar izaten dutela adierazi dute, eta horretarako informazioa eman eta lagundu egin dietela gehitu dute. Horrek, bestalde, gabezia handi bat dagoela azaleratzen duela diote, eta erakunde publikoen baliabideak lortzea errazagoa izan beharko litzatekeela gehitu dute.
“Guztira 650 manta banatu ditugu, 300 pertsona ingururi arropa eta oinetakoak eman dizkiegu, 50 mugikor eta kargagailu, hainbat sukalde, berogailu hozkailu, dutxa, butano… Alokatzeko gelak bilatzen ere lagundu diegu, jabe askok uko egiten baitio alokatzeari, maizterra migratzailea dela dakitelako. Arazo hauei aurre egin diegu eta hogei gazteri gela alokatzen lagundu diegu”, diote harrera sareko kideek. Bestalde, hizkuntza klaseak ere egin dituztela azpimarratu dute, eta 35 gazte euskara eta gaztelera ikastera bultzatu dituzte.
Boluntarioek urtean zehar egindako lana azpimarratu dute, baina 2020an jasotako laguntza humano eta ekonomikoa gainditzea oso zaila izango dela diote: “Zalantzan jartzen dugu 2021ean antzeko finantzaketa errepikatzea. Saiatuko gara, noski, baina azken finean, hondorik gabeko putzua da, dauden premiak ikusita”.


