Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan kolektiboa sortu dute surf proiektuaren aurka egiteko
Martuteneko Antondegiko olatu artifizialen proiektuari aurka egiteko, Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan kolektiboa sortu dute surfa eta ekologismoaren esparruko zazpi elkartek: Surfrider Foundation Europe, Eguzki Talde Ekologista, Fridays for Future, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Parkea Bizirik, Itsas Enara elkarte ornitologikoa eta Bizilagunekin plataforma. Gainera, kolektiboak, Greenpeace, Surf & Nature Alliance, SEO-Birdlife eta gehitu daitezkeen beste hainbat talderen babesa eta laguntza jaso du. IRUTXULOKO HITZAk kolektiboa osatzen duten hiru eragilerekin hitz egin zuen Antondegiri buruzko erreportajean.
“Bizi dugun klima larrialdi egoeraren aurrean, hainbat gara hurbilekoa zaigun ingurumenarekiko ardura azaltzen dugun erakunde eta elkarteak. Hori dela eta, oso kezkagarritzat jotzen dugu Donostiako Udalak eta Wavegarden enpresak Donostian olatu artifizialen instalazio bat eraikitzeko iragarri berri duten proiektua. Olatu artifiziala Antondegi mendian eraikiko litzateke, Donostiako azken gotorleku naturaletako batean. Gainera, surfa era naturalean eta zeharo jasangarrian praktikatu daitekeen, kostaldetik lau kilometrora soilik”, azaldu du kolektiboak.
Kolektiboaren helburua da “Antondegi gune natural gisa defendatzea” eta “olatu artifizialaren proiektua edota ingurune hau mehatxatuko duen beste edozein egitasmo geldiaraztea”. Surf parkearen aurka egiteko sei arrazoi eman dituzte ohar baten bidez:
- Donostian geratzen diren berdegune urrietako baten bihotzean dagoen bederatzi hektareako nekazaritza lursail naturala artifizializatzea. Are gehiago, berdegune hori, Donostiako gerriko berdearen parte izanik.
- Hegazti eta ugaztun espezie ugariren (horietako asko babespean daude) habitata nabarmen narriatzea, eta, oro har, Antondegiko biodibertsitateari eta korridore ekologikoari eraso konponezina egitea.
- Surfa artifizializatzea eta elitismoa sustatzea, surfaren kulturaren balioak desitxuratuz.
- Enpresa pribatu batekin adostu ondoren eta herritarrekin inolako kontsulta edo parte-hartze prozesurik abiatu gabe, balio naturala duen jabego publikoko lurzoru baten urbanizatzea eta horren erabilera pribatua onartzea.
- Klima larrialdi egoerarekin eta aldarrikapenarekin bateraezina den, baliabide naturalen kontsumo neurrigabea. Natura ingurunean eragingo litzatekeen narriadurari, surfa egiteko berezko eremua den kostaldearekiko hurbiltasuna gehituz gero, proiektua jasanezintasunaren adibide nabarmen bilakatzen da.
- Beharrizan objektiboetatik at geratzen den azpiegitura bat eraikitzea, kontuan hartuta Antondegi kostaldetik lau kilometrora dagoela eta Wavegarden enpresak, jada, Aizarnazabalen, olatu artifizialen azpiegitura bat baduela, Antondegitik 25 kilometrora, alegia.
Datozen asteetan informazio zehatzagoa emango du kolektiboak. Gainera, hainbat egitasmo eta jarduera abiaraziko dituzte Antondegi naturgune gisa defendatzeko eta olatu artifizialen azpiegitura eraikitzeko proiektua geldiarazteko.