"Loiolako bizilagunekin harreman onak zituen"
Pepe Rei kazetariarekin Loiolan bizitakoak kontatu ditu Xabi Paskual Loiolako Hontza kultur elkarteko kideak. 2009tik hil arte Loiolako Erriberan bizi izan zen.
Pepe Rei Euskal Herriko ikerketa kazetaritzan aitzindaria izan zen: asko idatzi zuen tortura kasuen, droga trafikoaren eta ustelkeriaren inguruan, besteak beste. 1980ko hamarkadatik Donostian bizi zen, eta azken urteak Loiolako Erriberan pasa ditu. Asteartean hil zen.
2009an Egiatik Loiolako Erriberara joan zen bizitzera Mirenekin, bere bikotekidearekin. Izan ere, gurpildun aulkiak ibili behar zuenez, eraiki berri zuten auzoko etxeak egokituta zeuden bere beharretarako. Han bizitzen jarri zenean, Loiolako bizitzan inplikatu zen, eta bizilagunekin “oso harreman ona” zuen, Xabi Paskual Loiolako Hontza kultur elkarteko kidearen arabera: “Loiolako San Martin topaketetan parte hartzen zuen. Beti bere bikotekidearekin ibiltzen zen, Mirenekin. Loiolako Hontza kultur elkarteko kide ere bazen, eta momentu puntualetan etortzen zen, baina asko laguntzen zigun. Bizilagunekin oso harreman onak zituen. 2017an, Korrikako lekukoa eraman zuen auzoan”.
“Loiolako Erriberako elizaren ondoan dagoen taberna batera joan ziren bazkaltzera astebururo Miren eta bera”, gogoratu du Paskualek.
Ostiraleko astekarian Pepe Reiren bizitza errepasatuko dugu, Xabi Paskualen, Jabier Salutregi Egin egunkariko zuzendari ohiaren eta Iñaki Egaña historialariaren oroitzapenekin.