Mirakruz gaineko errepidea moztu du Ernaik, "gazteen aurkako kriminalizazioa" salatzeko
Ernaiko gazteek Mirakruz gainako errepidea itxi dute goizean. (Argazkia: Ernai) Ernai erakundeko gazteek, Mirakruz gainako errepidea moztu dute asteazken goizean, “hilabeteotan pairatutako gazte kriminalizazioa salatzeko” eta “nazkatuta” daudela adierazteko. “Hilabeteak pasa ditugu astebururo albistegietan irudi eta titular berak ikusten. Gazteak jazartuak eta kriminalizatuak izan gara, eta arduragabeak izan garela leporatu zaigu, baina benetan jabetu al dira gazteon egoeraz? Hitz egingo al dute Teleberrian gure benetako arazoei buruz?” salatu dute.
Izan ere, gazteak gero eta egoera zaurgarriagoan daudela nabarmendu dute: “Depresio kasuek gorakada ikaragaria izan dute gazteen artean, suizidio kasuak ere handitzen ari dira, gazteon langabezia tasa %50 igo da iaztik Euskal Herrian, ikasketetarako arazoak besterik ez ditugu, harremantzea debekatu zaigu eta sozializazio espazioetan egotea debekatu digute. Kalean egotea aukera bakarra zen gazteontzat, eta orain hori ere debekatu nahi digute. Argi dago apustu etxeetan nahiago gaituztela”.
Era berean, deitoratu dute “pandemiaren gestio negargarria ezkutatzeko eta eskuineko lobby gisa funtzionatzen duen polizia sindikatuen ahotsa zuritzeko”, jarri dituztela gazteak “jopuntuan”. Hain zuzen, urte hasieran Parte Zaharrean gertatutako istiluak aipatu dituzte, baita Mendillorrin (Iruñea, Nafarroa) eta Mungian (Bizkai) gertatutakoa ere. “Gazteak larrialdi egoeran gaude, baina errazagoa da errua guri botatzea”, gaineratu dute, eta “agintari politikoei eta mass media hedabideei” eskatu diete gazteak kriminalizatzeari uzteko.
🚨🚨🚨 GAZTEAK LARRIALDI EGOERAN GAUDE
— Ernai (@ernaigazte) March 10, 2021
Baina errazagoa da errua eta ardura gure gain jartzea.
Horregatik mezu argia bidali nahi izan diegu gaur agintari politiko eta zenbait hedabideei ⬇️
Utzi gazteak kriminalizatzeari! pic.twitter.com/2kXXjdk59T


