Dock of the Bay jaialdiak epaimahaiko kideak eta atal berri bat aurkeztu ditu
Ekainaren 7tik 12ra bitarte egingo da 14. Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdia, Trueba zinema aretoetan eta Antzoki Zaharrean. Epaimahako kideak iragarri eta film laburrak saritzeko atal berria aurkeztu dute.
Niño de Elche izenez ezaguna den Paco Contreras artistak, Lois Patiño zinemagile eta artistak, eta Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiko zuzendariordeak osatuko dute epaimahai orokorra. Bestalde, Film Laburren Lehiaketarako Atal berria sortu dute, eta izango duen epaimahaia ere adierazi dute: Xabier Erkizia musikagile eta arte ekoizlea, Marina Lameiro zinemagilea eta Esther Cabero Kimuak egitasmoaren koordinatzailea.
Eva Rivera jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez, jaialdia presentziala izatea nahi dute: “Garai zail hauetan lanean ari gara, jaialdiaren inguruan sortutako komunitateari eusteko, eta jaialdia modu presentzialean ospatzeko. Musika eta zinema zaleen topalekua da Dock of the Bay, eta zentzu horretan lan egingo dugu, jakinda mugak ditugula”. Osasun eta segurtasun neurri guztiak errespetatuz egingo dute aurtengo jaialdia.