Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko eskatu dute Donostiako udal talde guztiek
Donostiako Udalbatzak erakunde adierazpena plazaratu du, Mikel Zabalzak Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela agerian uzten duten grabazioak direla eta. EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk hiru proposamen zein eskaera jaso dituzte adierazpenean.
Lehenik, Donostiako Udalbatzak eskatu du, Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak eta Juan Alberto Perote CESIDeko buruzagi koronelak ustez parte hartzen duten audioak sakon ikertzea, Zabalzaren heriotzaren inguruan egia jakiteko. Bigarrenik, Estatuko fiskaltzari eskatu diote Zabalzaren kasua berriz irekitzea azter dezatela, tortura delitu posible baten berri ematen den grabazioen edukia kontuan izanik. Eta hirugarrenik, udalbatzak berresten du, 1985eko abenduan egin bezala, Zabalzaren hilketaren gertaeren argipenean laguntzeko konpromisoa hartzen duela, eta horretarako, kasua argitzeko diligentziak irekiz gero, haietan herri akusazio gisa agertzeko konpromisoa hartzen duela.
Hona hemen adierazpena osorik:
“Mikel Zabalza beste pertsona batzuekin batera atxilotu zuten duela 35 urte, ETAko kide zela esanez, eta Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten. Mikel Zabalza bizirik sartu zen kuartelean eta egun batzuk geroago hilda agertu zen Bidasoa ibaian.
Baina zer gertatu zitzaion Mikel Zabalzari? Bertsio ofizialaren arabera –gaur egun bertsio horrek indarrean jarraitzen du–, zona horretan ETAren arma zulo bat egiaztatzen ari zirenean, Zabalzak ihes egin zien guardia zibilei, zulo batetik ibaira erori zen eta itota hil zen. Harekin atxilotutakoek torturak salatu zituzten eta gizartearen zati handi batek ez zuen inoiz Guardia Zibilaren bertsiorik sinistu.
Mikel Zabalzaren desagerpenaren larritasunak eraginda, 1985eko abenduaren 6an, Donostiako Udalbatzak mozio bat onartu zuen: “Donostiako Tranbia Konpainiako langile eta Donostiako bizilagun den Mikel Zabalza jauna non dagoen argitzeko ikerketan eta gertaeren argipenean laguntzeko konpromisoa hartuz, eta horretarako, kasua argitzeko irekita dauden diligentzietan herri ekimen gisa agertzeko konpromisoa hartuz, Donostiako Instrukzio Epaitegiko 1. aretoan”. Mozio hura berresteko konpromisoa hartu zuen Donostiako Udalak 2015eko azaroaren 26ko Udalbatzan.
Publico hedabideak Mikel Zabalza (1952-1985) Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela agerian uzten duten grabazioak argitaratu zituen otsailaren 22an. Zabalza atxilotu zutenean CESID-eko (Centro Superior de Informacion de la Defensa) koronela zen Luis Alberto Peroteren eta Galindoren aginduetara zegoen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat da grabazioa, eta Zabalza Intxaurrondon jasandako torturen ondorioz hil zela adierazten dute, zehazkiago, “plastikozko poltsa buruan” aplikatzearen ondorioz. Grabazio berean “esku artetik joan zaie, galdeketan gelditu zaie”, dio Gomez Nietok.
Audio horren transkripzioa froga moduan erabili zuen familiak duela 25 urte egin zen epaiketan. Hala ere, orain arte ez dira erabilgarriak izan familiak gertaera horiek sakon aztertzeko egin dituen ahalegin guztiak”.