Ardi beltza zendu da
Pepe Rei Euskal Herriko ikerketa kazetaritzan aitzindaria izan zen: asko idatzi zuen tortura kasuen, droga trafikoaren eta ustelkeriaren inguruan, besteak beste. 1980ko hamarkadatik Donostian bizi zen, eta azken urteak Loiolako Erriberan pasa ditu. Asteartean hil zen.

Gertaeren zergatia bilatzen zuen Pepe Reik, eta horrek eraman zuen bertsio ofizialetik haratago ikertzera. Ez zen artaldeko ardi huts bat; ardi beltza zen. Galizian jaio zen 1947an, eta Donostian hil da, 73 urte zituela.
Euskal Herrira etorri aurretik, kazetari lanetan aritu zen El Pueblo Gallego, Odiel, eta Madrid hedabideetan, besteak beste. 1980ko hamarkadan etorri zen Euskal Herrira: Donostian bizi izan da ordutik hona. La Voz de Euskadi eta Interviú hedabideetan jardun ondoren, Egin egunkarian sartu zen 1988an. Hedabide horretako ikerketa taldeko buru izan zen urte luzez.
«Oso kazetari prestu eta jantzia» zen, Jabier Salutregi Egin egunkariko zuzendari ohiaren arabera: «Ideiak oso argi zituen. Ez zen bertsio ofizialetaz fidatzen, eta bere lanbideak ofizialki esaten ez zen horretara eraman zuen. Informazioaren errora joaten zen, botereak ezkutatu nahi zituen kontuak bilatzen zituen. Gertaeren zergatia bilatzen zuen, eta hor aurkitzen zuen kazetari moduan».
Iñaki Egaña historialaria laguna zuen, eta Pepe Rei «oso langilea» zela adierazi du: «Guk ezagutzen ez genituen esparruetara hurbiltzen zen, lur azpiko eremuetara». Izan ere, bere ikerketen ondorioz, Egin-en informazio asko publikatu zuten Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteleko tortura kasuen inguruan, GALen eta eskuin muturreko taldeen inguruan, baita droga trafikoaren eta ustelkeriaren inguruan ere.
Liburuak ere idatzi zituen, eta horietako askoren editore izan zen Iñaki Egaña: «Gorabeherak izan genituen, zentzu onean. Oso burugogorra zen, eta ni ere bai. Azken hitza argitaletxeak du, eta hor behin baino gehiagotan talka egiten genuen. El Jesuita liburuak arrakasta itzela izan zuen, baina gorabehera handiak izan genituen idazterakoan. Hala ere, gauza guztien gainetik lagunak izan gara», azaldu du Egañak. Futbolzaletasunak ere batzen zituen, Egañaren esanetan: «Hala ere, talde desberdinen alde geunden: ni realzale amorratua naiz, eta bera Celtaren aldekoa zen».
Arazoak ere bai
Ikerketa kazetaritzak arazoak ekarri zizkion. Bere bulegoa behin baino gehiagotan miatu zuen poliziak, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aginduz. 1994an atxilotu zuten ETArekin kolaboratzea leporatuta, eta handik hiru urtera errugabetu zuten. 1998an Baltasar Garzon epailearen aginduz Egin itxi zutenean ere atxilotu zuten. Ondoren, Ardi Beltza proiektua zuzendu zuen, baina hori ere itxi egin zuen Garzonek.
2002an istripu bat izan zuen, eta ondorio fisikoak eragin zizkion. «Istripua… kakotxen artean… Ni ez naiz fidatzen. Berekin ez nuen hitz egin, baina…», adierazi du Xabi Paskual Loiolako Hontza kultur elkarteko kideak. Istripu horren ondorioz kazetaritza utzi zuen.
2009an Egiatik Loiolako Erriberara joan zen bizitzera Mirenekin, bere bikotekidearekin. Izan ere, gurpildun aulkian ibili behar zuenez, eraiki berri zuten auzoko etxeak egokituta zeuden bere beharretarako. Hain zuzen, «Loiolako Erriberako elizaren ondoan dagoen taberna batera joan ziren bazkaltzera astebururo Miren eta bera», gogoratu du Paskualek.
Han bizitzen jarri zenean, Loiolako bizitzan inplikatu zen, eta bizilagunekin «oso harreman ona» zuen, Paskualen arabera: «Loiolako San Martin topaketetan parte hartzen zuen. Beti bere bikotekidearekin ibiltzen zen, Mirenekin. Loiolako Hontza kultur elkarteko kide ere bazen, eta momentu puntualetan etortzen zen, baina asko laguntzen zigun. Bizilagunekin oso harreman onak zituen. 2017an, Korrikaren lekukoa eraman zuen auzoan».
Euskararekin lotura handia zuen, Salutregiren arabera: «Euskara dezente ikasi zuen, baina istripuarekin zaildu egin zen ikasketa. Hala ere, oso burugogorra zen, eta istripua izan ez balu, ondo ikasiko zuen!».
Politikoki ere konprometitua zen, Egin egunkariko zuzendari ohiaren arabera: «Galiziar abertzalea zen, eta horrek eraman zuen abertzaletasun euskaldunarekin konprometitzera».
Pepe Rei asteartean hil zen. Euskal Herriko kazetaritzari egindako ekarpena, ausardia eta konpromisoa utzi ditu. Gertatzen den ororen atzean dauden zergatiak, arrazoiak, interesak eta ezkutuko kontuak argitara emateko grina islatzen dute berak idatzitako erreportaje, albiste eta liburuek.