Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren argiak eta ilunak
Donostiako Udalak onartu berri du Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren aldaketa: 210 eraikin gehiago babestuko dituzte. Ancorak salatu du legeak soilik fatxadak babesten dituela, eta baserriak, ondare industriala eta saltokiak ez dituela babesten.
Donostiako Udalak XX. mendearen hasierako etxe ugari babestuko ditu hemendik aurrera. Babes maila gorena izango dute Parte Zaharreko eta Kaiko monumentu-multzoak, Villa Aldamak, Uliako Udal Ur Biltegiak eta Haizearen Orraziak. Euskadi plazako Equitativa-ren eraikinak babes handiagoa izango du.
Izan ere, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) katalogoaren aldaketa onartu du aste honetan Donostiako Udaleko tokiko gobernu batzordeak. Aldaketarekin, 210 eraikin gehiagoren fatxadak babestuko dituzte: guztira, 1.310 elementuk osatuko dute babestutako elementuen katalogoa. Zertan datza, ordea, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia?
«1950eko hamarkadaren erditik 1970-eko hamarkaren amaierara arte higiezinen espekulazioa handia izan zen Donostian, eta eraikin esanguratsu asko eraitsi zituzten: Kursaal zaharra eta Txofreko zezen plaza, esaterako», azaldu du Eneko Oronoz Ancora Ondarearen Babeserako elkarteko kideak. 1976an, Arkitektoen Elkargoak eraikin horien desagerpena salatu zuen, eta Erdialdeko eraikinak babesteko eskatu zion udalari. Onartu zuen udalak, eta R eremuaren plan berezia egin zuten: Peña Gantxegik eta Moneok idatzi zuten, besteak beste. Plan berezi hori da hiriko ondarearen lehen katalogoa, eta 36 eraikinen fatxadak babestera derrigortzen zituen jabeak, horien artean Arte Ederrak eraikina.
1980an plan berezia berretsi zuten, eta ondoko araua ezarri zuten: katalogatutako eraikinen kanpoaldea babestu behar zen, baina barnealdea nahi zen moduan eraldatu zitekeen. Arau hori da gaur egun arte hiriko ondare arkitektonikoa babesteko egin diren plan guztien oinarria, Oronozen arabera: «Urte hauetan guztietan sistematika bera jarraitu dute: katalogoan ez dagoena eraisten dute, eta babestutako eraikinen hustuketa osoak egiten jarraitzen dute. Alde ona da eraikinak ez direla guztiz desagertzen, baina ondarearen babesa fatxadismo bihurtzen da. Arkitektura proiektuak unitarioak dira, ez soilik fatxadak».
1995ean Hiri Antolaketako Plan Orokorra egin zuten, ondarearen katalogo zabalago batekin. 2009an legea berrikusten hasi ziren, eta eztabaida luzeak izan eta gero, 2014an onartu zuten Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia. Aste honetan onartu dute legearen aldaketa, katalogo zabalagoarekin. Ondarearen Aholku Batzordea sortzea ere aurreikusi du udalak: katalogoan elementu berriak sartu edo ateratzea erabakiko du batzordeak. Horrela, katalogoa azkarrago aldatuko da, eta, horren eraginez, baliteke ondare babestuak gehiago izatea. Oronozen ustez, EHOBPBa Erdialdeko eraikinen fatxadak babestera mugatu da – gehienak hareharrizkoak dira –, aurreko planen joera jarraituz: «Hiriaren %50a babestu gabe zegoen».
Lege aldatua, Erdialdetik haratago
Hala ere, beste auzo batzuetako eraikinak babestuko ditu plan bereziak, onartu berri den aldaketarekin. Babestutako hiri ondarearen zerrendara batuko diren 210 eraikinetako 150 etxeak dira: Ategorrietan, Intxaurrondon, Aldapetan, Fedearen pasealekuan, Egiako galtzadan eta Itsasargiaren pasealekuan daude. Heriz pasealekuko 28 etxe eta Loiolako Hiri Lorategiaren etxe-multzoa ere babestuko dituzte. Grosen, Erdialdean eta Ondarreta inguruan dauden zenbait bizitegi-eraikin ere babestuko dituzte, baita eraikin erlijioso batzuk ere: Antiguako Elizbarrutiko Seminarioa, esaterako.
Hala ere, katalogora batu diren eraikin ia guztiek (200ek) D maila dute: «A mailakoek babes gorena dute, C mailak fatxadak babesten ditu, eta D mailak, berriz, ez du ezer babesten praktikan. Eraikina eraitsi eta antzeko bat eraikitzen baduzu, eraikina babestutzat jotzen dute», azaldu du Oronozek. EHOBPBak ez ditu baserriak, ondare industriala eta saltoki historikoak babesten. Muebles Eceizaren fatxada babestuko badute ere, barnealde osoa eraitsiko dute.