Etxegabeak laguntzeko boluntario sare bat antolatzen ari dira Egian
Etxerik gabeko pertsona batzuk, Donostian.Irutxuloko Hitza Koronabirusaren krisiarekin, aurretik zaila zen etxegabeen egoera okertu egin da, eta horregatik, pertsona horientzako janaria lortzea eta banatzea da Hiritarron Harrera Sarea lehentasuna. Hain justu, Egian boluntario sare bat osatzen ari dira, Norteko tren geltokiaren inguruan egon ohi diren etxerik gabeko pertsonei gauero afaria eramateko.
Antzeko sare bat osatu zuten abenduan Parte Zaharrean, Konstituzio plazako arkupeetan lo egiten duten pertsonei gauero afari beroa eramateko. Sare horretan hamalau lagun daude dagoeneko, eta janaria txadaka prestatzen dute; bakoitzak bi astean behin prestatzen du.
Parte Zaharrekoei lan karga arintzeko antolatzen ari dira Egiako boluntario sarea, etxegabeentzako afariak behintzat hiriko bi lekutan banatzeko. Horrela, Egiako boluntario sareko kideek hamar lagunentzako afaria prestatu beharko dute gauero. Sarean parte hartu nahi izanez gero, egiazaintzasarea@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da. Ondoren, izena ematen duten pertsona guztiekin bilera bat egingo dute, afariak prestatzeko eta banatzeko txandak antolatzeko. “Gero eta boluntario gehiago izan, orduan eta hobeto banatuko dugu lana”, nabarmendu dute.


