Haurreskola da guraso askoren altxorra
Amara Berriko Kattalin haurreskolako guraso talde batek sinadura bilketa bat egin du haurreskolen balioa azpimarratzeko. Hezitzaileen eskaerak babestu eta erakunde publikoei negoziatzeko eskatu diete. 1.200 baino sinadura gehiago aurkeztu dizkiote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari, Haurreskolak Partzuergoari eta Arartekoari.

Donostiako Kattalin haurreskolako guraso talde bat gara, eta gure kezka azaldu nahi dugu azken urteetan errepikatu diren grebak direla eta. Lehenik eta behin, kalitatezko hezkuntza publikoarekin dugun konpromisoa adierazi nahi dugu. Liskar politikoetatik harago, Haurreskolen balioa eta gure egunerokoan eta gure seme-alaben garapenean duten garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Argi esango dugu: Haurreskola gure altxorra da». Horrela dio Amara Berriko Kattalin haurreskolako guraso talde baten idatziaren lehen pasarteak.
«Patxi eta Ferminen ideia izan zen testu bat idaztearena. Ferminek hiru seme-alaba ditu, eta hiru aldiz egon da greben gorabeherekin. Hezitzaileen eta haurreskolen garrantzia azpimarratzeko idatzi bat prestatu genuen», azaldu du Ana Sorok, Kattalin haurreskolako erabiltzaileak. «Gure babesa adierazi diegu, eta eskatzen dutena babesten dugu zerbitzua hobetzeko asmoa dutelako. Lan baldintza duinak eta hitzarmenak eskatzen denbora daramate, eta horrela izan dadila». Sorok adierazi du haurreskola ez dela soilik haurra uzteko leku bat: «Ezinbesteko zerbitzua eskaintzen diete haurrei eta gurasooi. Bada garaia haurreskolen balioa mahai gainean jartzeko».
Kattalin haurreskolako arbelean jarri zuten idatzia, eta gainerako gurasoei sinatzeko aukera eman zieten. «Haurreskolako hezitzaileak deitu zigun esateko prentsan argitaratu nahi zutela gure testua, eta orduan ikusi genuen hedapen orokorrago bat eman behar geniola», dio Sorok. Twitter sare sozialean @gurealtxorra kontua sortu, eta Interneten formulario bat jarri zuten sinadura gehiago biltzeko. «Dagoeneko itxita dago formularioa, eta 1.200 sinadura baino gehiago jaso ditugu». Testua eta sinaduren zerrenda Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari, Haurreskolen Partzuergoari eta Arartekoari bidali zioten. Lehen biek ez diete erantzun, baina Arartekoak jaso duela adierazi die.
Hunkituta
Kattalin haurreskolako hezitzaile eta langileek esker onez hartu zuten guraso taldearen idatzia. «Irakurtzean asko hunkitu ginen. Indar asko ematen digu egiten ari garena egiten jarraitzeko. Guk haurrekin lan egiten dugu, eta familiekin harreman estua dugu. Garrantzia handia dute haurreskolako bizitzan. Guretzako altxorra haurrak eta familiak dira», esan du Silvia Dos Santosek, Kattalin haurreskolako hezitzaileak.
Otsaila bukaeran hiru eguneko greba egin zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako haurreskolek. Haurreskolak Patzuergoaren doakotasuna eta Hezkuntza Sailean integratzeko eskatzen dute, eta baita indarrean dauden akordioak errespetatzeko eta lan hitzarmen berriaren negoziaketa abiatzeko ere. LAB, ELA eta Steilas sindikatuen arabera, %72ko jarraipena izan zuen grebak. Mobilizazioen ondoren, oraindik ez dute jaso Haurreskolen Partzuergoaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren erantzunik.