Liga hasteko irrikaz daude Euskadiko Distantzia Luzeko txapeldun berriak
Euskotren Liga bigarren postuan amaitu zuten joan den urtean Donostiarrako neskek, baina aurtengo denboraldia Euskadiko Txapelketa irabaziz hasi dute. Taldearen muina mantendu dutela diote, eta liga hasteko gogotsu daude, nahiz eta jakitun diren pandemiaren egoerak okerrera egin dezakeela.
Orioko Traineru Jaitsiera dute hurrengo erronka Donostiarrako neskek, martxoaren 21ean. (Argazkia: Donostiarra) Euskadiko Distantzia Luzeko txapeldunak dira Donostiarrako neskak. Joan den igandean izan zen txapelketa, Legutioko urtegian (Araba). Denboraldi honetako lehen txapelketa eta estropada izan da hau, eta datorren astean egingo dute Oriako Traineruen Jaitsiera. Otsailaren 13an zen egitekoa, baina pandemiaren bilakaerak proba atzeratzera behartu ditu antolatzaileak, martxoaren 21era arte. Espainiako Estatu osoko txalupak bildu ohi dira estropada honetan, baina aurten ezberdina izango da.
Euskadiko txapelketa nola joan zen eta garaipena nola ospatu zuten jakiteko, Haizea Saez eta Nerea Perez Donostiarrako arraunlariekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak. Nahiz eta estropada gogorra izan, asko gozatu zutela dio Perezek: «Hotz handia egiten zuen Legution, eta horrek eragina izan zuen. Hala ere, gogo handiz irten ginen, eta estropadaz gozatu genuen». Saezek, berriz, estropadara oso motibatuta joan zirela dio: «Gainontzeko estropaden modura, hoberen dakigun modura arraun egiteko intentzioz atera ginen, eta lortu genuen».
Emaitzaz gain, Legutioko uretan izan zituzten sentsazioak aintzat hartu dituzte. Entrenamenduen eragina izan dela gehitu dute: «Sentsazio onak ditugu uretan, eta entrenamenduetara gogotsu joaten gara. Horrek emaitza onak lortzen laguntzen digula uste dut», dio Saezek.
Denboraldi-aurreko estropadak dituzte orain aurretik Donostiarrako arraunlariek, baina helburu nagusia liga eta Kontxako bandera dituzte, uda honetan. Liga hasteko gogotsu daude, eta aurreko urteko emaitzak hobetzeko asmoa dute. «Aurreko urteko arraunlari gehienok taldean jarraitzen dugu, eta horrek hobetzen laguntzen digu», dio Haizea Saezek. Nahiz eta joan den denboraldian Nerea Perezek Hondarribiko taldean arraun egin zuen, aurten denborak hobetzen ari direla dio: «Ni aurreko denboraldian ez nengoen Donostiarran, baina entrenatzaileak dio joan den urteko denborak hobetzen ari garela».
Arraunlarien negu luzea
Traineruen denboraldiak motzak dira; ekainean hasi eta irailean amaitzen da liga, eta tartean Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak egiten dira, baita Kontxako Bandera ere. Urri amaiera eta azaro hasiera bitartean hasi ohi dira arraunlariak denboraldi berriko entrenamenduekin, eta proba nagusiak ekainetik aurrera direnez, denboraldi-aurreko estropadak egiten dituzte. «Estropada hauek entrenamendu moduan hartzen ditugu, baina motibatzeko eta aurkarien maila ikusteko ere balio dute», azaldu du Haizea Saezek. Estropada hauek gabe denboraldi-aurrea «luzeegia» egiten dela dio Nerea Perezek, baina estropada hauetan erritmo ezberdinean joaten direla gehitu du: «Estropada hauetan ia distantzia bikoitza egiten dugu, eta motelago joaten gara. Ia hamabost minutuko estropadak dira, baina lehiakideen sasoia ikusteko balio digute».
Ohiko urteetan, Orioko Jaitsiera izaten da denboraldi-aurreko estropadarik garrantzitsuenetarikoa. Espainiako Estatuko hainbat traineru etortzen dira, baita udan lehiatuko ez direnak ere, asko arraunaren festaz gozatzera etortzen baitira. Otsailaren 13an zen egitekoa, baina koronabirusaren intzidentzia oraingoa baino altuagoa zenez, martxoaren 21era atzeratu zuten. Orain nabarmen egin du behera intzidentzia metatuak, eta estropada egingo dela «ia seguru» daude Perez eta Saez.
Koronabirusaren eragina
2020ko itxialdian etxean entrenatu behar izatea bereziki gogorra izan zen arraunlarientzat. Izan ere, talde kiroletan egunero kideekin batera entrenatzetik bakarrik entrenatzera pasa ziren arraunlariak, eta garai zaila izan zela onartu dute Saezek eta Perezek. «Pandemiak ezustean harrapatu gintuen, eta taldean ezin entrenatu izanak atzera egitera behartzen zaitu ezinbestean», esan du Nerea Perezek.
Osasun larrialdiaren eta pandemiari aurre egiteko neurrien okerrena, baina, publikorik gabe arraun egin behar izatea dela azpimarratu du Haizea Saezek: «Zure jarraitzaileak eta gertukoak hor ondoan daudela sentitzeak indarra ematen dizu. Estropada batera joan eta kaleak hutsik ikustea oso gogorra izan da guretzat».
Bestalde, inguruan gertatzen denarekiko oso adi daudela diote bi arraunlariek. «Kontuz ibiltzen gara, eta adi gaude ea zeinekin gauden eta zer ukitzen dugun. Udan etengabe deitzen genion kirol medikuari, ezagun baten ezagun batek positibo ematen bazuen, esaterako. Ez genekien etxean geratu edo ez. Garai horietan, gainera, informazio falta orain baino handiagoa zen. Azken finean, denok nahi genuen taldearentzat onena», dio Saezek.
Joan den urtean Oriorekin «lehia sanoa» izan zuten, baina azkenean horiek irabazi zuten liga. Joan den astean Euskadiko Txapelketa irabazteak, baina, adorea eman die denboraldi berriari aurre egiteko.


