"Pertsonaia bat interpretatzeko, aurreiritziak bazter utzi behar dira"
Loreto Mauleon (Burgos, Espainia, 1988) aktore donostiarrak taldeko emakumezko aktorerik onenaren Feroz saria irabazi berri du, ‘Patria’ telesailean egindako lanarengatik. Arantxa pertsonaiaren rola egin du Mauleonek, etakide baten arreba elbarriarena. Arantxaren azalean bizitakoa kontatu digu, baita bere ibilbidearen errepasoa egin ere. Madrildik telefonoz erantzun ditu galderak, eta han bizi bada ere, Euskal Herriko ikus-entzunezko ekoizpenak gertutik jarraitzen dituela nabarmendu du.

Feroz saria irabazi berri duzu, asimilatu duzu dagoeneko?
A zer emozioa! Lana hain gustura egin ondoren, pozgarria da ikustea jendeari gustatu zaiola. Gainera, ondo egindako lanaren aitorpena sari moduan jasotzea ederra da, are gehiago izan dudan lantalde zoragarriarekin partekatzeko aukera izan dudanean.
Saria jasotzea espero zenuen?
Egia esan, nahiko zaila ikusten nuen, ondoan oso aktore handiak nituelako: esaterako, Carmen Machi sari bererako izendatuta zegoen, baita Susana Abaitua ere, nirekin batera Patria-n sekulako lana egin duena. Guztira, bost geunden izendatuta, eta denok genituen saria irabazteko aukerak, baina beti pentsatzen duzu, ‘nola emango didate niri?’.
Nola gogoratzen duzu zure izena entzun zenuen unea?
Emozioak eragindako hutsune txiki bat daukat memorian, ez pentsa. Gogoratzen dut lasai nengoela, baina gure kategoriako izenak esaten hasi zirenean urduri jarri nintzela. Nire izena entzun nuenean, ez dakit zer sentitu nuen, soilik gogoratzen dut pentsatu nuela, ‘ai ama, orain altxa eta hara joan behar duzu denen aurrean saria jasotzera’. Hankak dardarka nituen eta ahotsa ez zitzaidan ateratzen.
Ikus-entzunezkoen mundutik sari asko heldu dira azkenaldian Donostiara, pasa den asteburuan Jone Laspiur aktoreak eta Drama FX efektu berezien estudioak Goya sariak irabazi baitzituzten.
Izugarria izan zen. Oro har, Euskal Herrira sari asko iritsi dira, Patriciak [Lopez de Arnaiz] eta Davidek [Perez Sañudo] ere Goya sariak irabazi baitituzte. Merezita, lan ederra egiten baitute denek. Etxetik ikusi nuen sari banaketa, eta asko poztu nintzen, gertuko jendea sariak jasotzen ikusten duzunean emozioa sentitzen baituzu. Gainera, Davidekin film labur bat egiteko aukera izan nuen duela gutxi, eta han ezagutu nituen David bera eta Ane filmeko lantaldearen zati handi bat.
Zurriola ikastolako antzerki eskolatik, Feroz saria irabaztera heldu zara. Ikastolan piztu zitzaizun aktore izateko grina?
Zurriola ikastolan antzerki eskola zegoenez, antzerkia zen gure ikasgaietako bat, baita eskolaz kanpoko jarduera nagusia ere. Horri esker, oso gaztetan hasten zara interpretazioarekin harremana izaten, eta, nire ustez, hori zorte handia da. Izan ere, batzuon ogibidea izateaz gain, antzerkiak edonori balio dio adierazteko modu desberdin bat aurkitzeko, eta sentimenduak ateratzeko modu bat da. Horregatik, segur aski, hor sortu zen nire lanbidearen hazia.
Jende asko pasa da Zurriola ikastolako antzerki eskolatik.
Azken finean, gaztetatik antzerkia egin nahi baduzu, Donostian duzun aukera onenetarikoa da, eta txikitatik antzerkian aritzeko aukera izan dugunontzako oso ona izan da. Nire ustez, ikastetxe guztietan egon beharko luke antzerkia ikasteko aukera, ikasgai berezia izango bailitzake denontzat, baita gerora onurak ekarriko lizkigukeena ere.
Ikastolatik atera ondoren, ingeniaritza zibila ikasi zenuen, eta ondoren hasi zinen zure lehenengo aktore lanak egiten. Ez da oso ohikoa ingeniari bat aktore izatera pasatzea.
Txikitatik antzerkia egin banuen ere, ez nuen inoiz etorkizunerako aukera moduan ikusi. 18 urterekin, ez neukan batere argi zer egin nahi nuen; banekien interpretazioa gustatzen zitzaidala, baina ez nuenez honetan lan egiten zuen inor ezagutzen, ez nuen pentsatu ere egin interpretazio ikasketak egitea. Azkenean, ordea, askotariko bideak hartzen ditugu bizitzan, eta, dagoeneko, hamahiru edo hamalau urte daramatzat aktore izaten. Ingeniaritza egin nuen, eta ziur gauza asko ikasi nituela, baina gustuko dudana hau da, eta sekulako zortea daukat interpretaziotik bizi naizelako. Izan ere, lanbide zaila da hau, eta, askotan, nahiz eta gogo handia izan, ez duzu lan egiteko aukerarik izaten.
Interpretazioaz gain, beste diziplina artistiko batzuk ere ukitu dituzu, ezta? Dantza eta kantua, esaterako.
Dantza eta kantu ikasketak egin nituen, baina besterik gabe, gustuko ditudalako. Hala ere, egia da horrek baliabideak ematen dizkizula paper jakin batzuk egiteko garaian. Oraindik ere, noizean behin kantua eta dantza lantzen jarraitzen dut.
‘La máquina de pintar nubes’ filmarekin egin zenuen debuta. Nola gogoratzen duzu film hori?
Berez, mundu honekin izan nuen lehenengo kontaktua Emakunderen 20. urteurrenean izan zen. Ekitaldia aurkezteko emakume bat nahi zutenez, proba egin nuen, eta hartu egin ninduten. Jendaurrean egin nuen lehenengo gauza esanguratsua izan zen.
Ikus-entzunezko batean egin nuen lehenengo papera La máquina de pintar nubes-en izan zen, hori bai. Oso esperientzia polita izan zen gainera, etxeko lantalde batekin aritu bainintzen, eta, Lander Otaola, Asier Oruesagasti eta Bingen Elortza ezagutu nituen. Aitor [Mazo] eta Patxoren [Telleria] lehenengo filma zen, eta niretzako ere kameraren aurrean jartzen nintzen lehenengo aldia zen, beraz, berezia izan zen denontzat.
Film hori egin ondoren, argi izan zenuen interpretazioa izango zela zure ogibidea?
Urteekin joan naiz hori argi ikusten. Hainbat lan jarraian egin arte, ez nuen argi izan benetan hau izango zela nire bizitza. Gainera, badakizu lanbide hau ez dela batere egonkorra. Orain, urte dezente daramatzadanean, esan dezaket hau dela egiten dakidana. Hala ere, batek daki non bukatuko dugun.
Euskal Herrian ia edonork ezagutzen duen telesail batean ere parte hartu zenuen: ‘Goenkale’-n.
Niretzat lehenengo eskola izan zen. Euskal Herriko etxe guztietan bezala, txiki-txikitatik ikusten nuen, eta bat-batean, telesailean lau urtez lan egiteko aukera izan nuen. Goenkale karrera baten modukoa izan zen niretzat, esperientzia izugarria zuten aktoreekin lan egin bainuen, baita ni bezain hasiberriak ziren aktore gazteekin ere.
Gerora, Madrilera El secreto de Puente Viejo telesaila egitera etorri nintzen, eta hori ere eskola garrantzitsua izan zen niretzat; nire bigarren eskola. Erronka handia izan zen: euskaraz aritzetik gaztelaniaz aritzera pasa nintzen, eta, gainera, antzinako gaztelania erabiltzen genuen. Ez zen batere erraza izan.
‘El secreto de Puente Viejo’-n hasi zinenean, ziur gero eta jende gehiagok ezagutzen zintuela kaletik.
Aldaketa handia izan zen hori niretzat. Goenkale egiten nuenean, Euskal Herrian jendeak ezagutzen ninduen, baina hemendik kanpo ez. El secreto de Puente Viejo-rekin, bat-batean jende pilo batek ezagutzen ninduen kaletik. Gainera, telesail hori oso arrakastatsua izan zen Italian ere. Horrek inpresio handia sortzen dizu hasieran, baina lana lana da, eta egunerokotasunean murgildu behar duzu.
Desberdintasun handia nabaritu zenuen film batetik telesail batera lan egitera pasatzean?
Egunerokoak diren telesailetan lan handia izaten dugu. El secreto de Puente Viejo-n, esaterako, egun solteren bat kenduta, egunero joaten nintzen grabatzera, eta hamabi orduz egiten nuen lan. Alde on asko ditu: pilo bat ikasten duzu, burua azkarrago doa eta praktika asko hartzen duzu. Beste aldetik, ordea, denbora gutxiago izaten duzu pertsonaiak prestatzeko, askotan hartualdi bakarrarekin konformatu behar duzu eta frustagarria izatera heldu daiteke.
Filmetan lasaiago ibiltzen zara zentzu guztietan, baina, aldi berean, pazientzia handia izan behar duzu, departamentu guztiek denbora gehiago dutenez, dena mantsoago doalako.

atria’-n, Mauleonen Arantxa pertsonaiak ezer gutxi adierazi dezake ahoz, beraz, begiradarekin hitz egin behar du. (Argazkia: David Herranz/HBO)
Nola iritsi zitzaizun ‘Patria’ egiteko aukera?
Castingetan Euskal Herriko aktore ugarirekin probak egiten ari ziren, eta parte hartzeko deitu ninduten. Handik hilabete batzuetara, beste proba bat egiteko deitu ninduten, Elenarekin [Irureta] eta Enekorekin [Sagardoy] batera, aktoreak elkarrekin nola gelditzen ziren ikusteko. Ondoren, baiezkoa emateko deitu ninduten berriz, eta sekulako poza hartu nuen. Horrelako aktoreekin lan egitea plazera da.
Elena Irureta, Ane Gabarain eta halako aktore beteranoak erreferenteak izan dira zuretzat?
Noski! Imajinatu, txikitatik telebistan ikusi izan ditut, eta bat-batean beraiekin lan egitea izugarria da.
Telesailean parte hartu aurretik ezagutzen zenuen Fernando Aranbururen eleberria?
Bere garaian, ikusten nuenez mundu guztiak irakurtzen zuela, esan nuen, ‘nik ere irakurri beharko dut!’. Irakurri nuenean, Arantxaren pertsonaiarekin katigatuta gelditu nintzen hasieratik, eta pentsatu nuen, ‘zein zaila, baina zein polita izango litzatekeen horrelako pertsonaia bat egitea’. Beraz, pentsa, pertsonaia eman zidatenean denetarik sentitu nuen. Gerora, beldurra sentitzen hasi nintzen: ez nekien nola interpretatuko nuen ictusarena, zortzi ataletan ematen den 20 urteko aldaketa, eta abar. Jende ugarik zuen liburua irakurrita, eta telesaila ikusteko gogoz zeuden, beraz, horrek ere presioa sartzen dizu. Bestalde, oso subjektiboa da istorioa, eta bakoitzak bere iritzia dauka gaiaren inguruan.
HBO-ren ekoizpen bat izanda, gainera, bazenekien telesaila nazioartean ikusiko zela.
Pentsa, 60 herrialde baino gehiagora heldu da. Hala ere, grabaketa bukatu genuenean jabetu ginen horretaz. Izan ere, gu Euskal Herriko hainbat lekutan grabatzen ari ginen, lagun artean, eta ez ginen kontziente. Bukatu genuenean ikusi genuen asko zabalduko zen zerbait egin genuela. Hala ere, oharkabetasun hori ez da txarra, egiten ari zaren lanean zentratzen laguntzen baitizu, eta ez duzu beste ezertan pentsatzen.
‘Patria’-k jorratzen duena ez da batere gai erraza, eta antzezteko ere ez da erraza izango. Nola landu zenuen pertsonaia?
Diozun moduan, ez da batere gai erraza, eta ikuspuntu pilo bat daude. Patria-n islatzen dena horietako bat da. Nire ustez, interesgarria da gero eta ikuspuntu gehiago azaleratzea, hitz egiteko aukera izatea, eta, batez ere, elkar entzutea. Patria-ko Arantxa pertsonaiak asko entzuten du, eta rola aprobetxatuz, nik entzuteko ariketa egin dut. Izan ere, nire pertsonaiak ezin du nahi duen guztia gustatuko litzaiokeen moduan adierazi, soilik begirada dauka.
Gaiari buruzko ikuspuntu ugari daudela aipatu duzu, eta, hain zuzen, hortik jo dute telesailari egin zaizkion kritika ugarik.
Normala da, zeren, azken finean, errealitate asko daude. Bakoitza leku eta garai jakin batean jaiotzen eta hezten da.
Zu oso gaztea zinen Euskal Herrian indarkeria handia zegoen garaian, baina nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Galdetu izan didate, eta uste dut askotan nik bizitakoa ingurukoen oroitzapenekin, jendeak kontatutakoarekin eta gerora ikusi izan ditudan irudiekin nahastu egiten dudala. Horregatik, Arantxaren rola egiteko, soilik gidoian zentratu nintzen. Zure esperientzia beti dago presente, baina pertsonaia bat interpretatzeko, aurreiritziak bazter utzi behar dira, baita jorratzen ari zaren gaiarekiko duzun iritzia ere. Askotan, hori da zailena: aurrean duzun pertsonaren edo pertsonaiaren larruan jartzea, eta bere argi-itzal guztiak ikustea.
‘Patria’-rekin Zinemaldian izan zinen, baina ez zen lehenengo aldia izan, harreman handia baituzu jaialdiarekin, ezta?
Lehenengo aldiz, La máquina de pintar nubes-ekin izan nintzen, ondoren Bi anai filmarekin, duela bi urte jaialdia aurkeztu nuen eta aurten Patria-rekin izan naiz. Donostiarra izanda oso berezia da Zinemaldian parte hartzea, eta are gehiago aurkeztea! Gainera, betidanik asko gustatzen zaidan jaialdi bat da, magikoa iruditzen zait: zinemari ematen dion aberastasuna, Donostian sortzen duen giroa…

Mauleon (erdian), ‘Patria’-n bere familia osatzen duten aktoreez inguratuta:
Jon Olivares, Ane Gabarain, Mikel Laskurain eta Eneko Sagardoy. (Argazkia: Jorge Fuembuena/Zinemaldia)
Antzerkian ere aritu zara, baina ez telebistan edo zineman bezain beste.
Antzerkigile klasikoen obrak taularatzen dituen Madrilgo Joven Compañia Nacional de Teatro Clasico konpainian egon nintzen bi urtez, eta ikasketa handia izan zen hori ere bai. Gainera, hortik atera dut Madrilgo nire kuadrilla.
Faltan botatzen duzu euskal ekoizpenetan parte hartzea?
Pilo bat gustatuko litzaidake euskaraz lan egitea. Gainera, oso momentu ona bizitzen ari dira orain euskal ekoizpenak.
‘Goenkale’-ren ondoren, fikziozko euskarazko ekoizpenen hutsune bat izan zen ETB1-en, baina orain badirudi bide hori berrartu nahian dabiltzala.
Bai, ari dira, eta garrantzitsua da. Batez ere, ekoizpen berriak ikusi ahal izateko eta Euskal Herriko aktore gazteek lan egiteko aukera izan dezaten. Oso aktore onak daude Euskal Herrian, eta askok oraindik ez dute lan egiteko aukerarik izan.
Zer daukazu orain esku artean?
Telesail bat egiten ari naiz, baina horri buruz oraindik ezin dut hitz egin; pena ematen dit, bestela dena kontatuko nizuke eta. Horretaz gain, hilabete honetan estreinatuko da Aitorren [Gabilondo] azken telesailean, Besos al aire-n, pertsonaia bat egin dut. Konfinamenduari buruzko telesail txiki bat da.
Konfinamendua aipatu duzu, eta, hain justu, asteburu honetan beteko da urtebete pandemiaren krisia hasi zenetik. Nola pasa duzu urte hau?
Izugarria da urtebete pasa izana, oso azkar pasa dela iruditzen zait. Pentsatzen dudanean hiru hilabete etxetik atera gabe egon ginela, sinestezina iruditzen zait. Urte oso zaila izan da jende ugarirentzat, eta uste dut askorentzat balio izan duela daukagun horri balioa emateko eta benetan garrantzia duten gauzei garrantzia emateko. Nik behintzat hala sentitu dut.
Gogoratzen duzu non zeunden duela urtebete?
Lasai-lasai nengoen, entzuten genuen hori guztia zehazki zer zen ulertu gabe. Justu familia bisitan etorri zitzaidan Madrilera. Pixkanaka, ordea, kontzientzia hartzen joan nintzen, eta, horrela, urtebete pasa da!
Madrilen egonda, falta botatzen duzu Donostia?
Asko! Aurtengoa, gainera, urte zaila izan da, gutxi joateko aukera izan dudalako. Faltan botatzen nuen lehen ere, baina aurten bereziki. Hala ere, uste dut ez nagoela kexatzeko moduan, oso gaizki pasatzen ari den jendea dagoelako; pribilegiatua sentitzen naiz. Iritsiko da lasai egoteko eta nahi duguna egiteko momentua.