Ugartemendiak marraztu zuen hiria
1813an Donostia suntsitu eta gero, Ugartemendia arkitektoa arduratu zen hiriaren berreraikuntzaz. Hiri berrirako proiektu aurrerakoia aurkeztu zuen, baina udalaren ezezkoaren aurrean, hasierako egitura mantendu zuen.

1813ko abuztuaren 31n armada ingeles-poltugaldarrak Donostia suntsitu ostean, irailaren 8an hiriko agintariak Zubietan bildu ziren, Donostia nola berreraiki erabakitzeko. Garai hartako Donostia egungo Parte Zaharra baino ez zen, eta ia eraikin guztiak suntsitu zituzten, Trinitate kaleko etxe batzuk (Abuztuaren 31 kalea, egun) eta Santa Maria eta San Bizente elizak izan ezik. Hiria berreraikitzeko ardura Pedro Manuel Ugartemendia arkitektoari eman zion orduko udalak: ez zen lan makala.
Madrilgo San Fernando Errege Akademian arkitektura ikasitakoa zen Ugartemendia, eta hirigintzako teoria berrienak ezagutzen zituen; garbitasunari eta osasunari garrantzia ematen zioten teoria horiek, eta ondorengo urteetan Europa osoan gailendu ziren. Horrela, teoria moderno horiek jarraituz, Donostia «berrirako» proposamen bat aurkeztu zien agintariei, bizilagunen bizi-kalitatea eta osasuna hobetzeko helburuarekin. Proposamena guztiz berritzailea zen: plaza oktogonal baten inguruan eraikiko zen hiria, eta bertatik zortzi kale irtengo ziren; portuan plaza angeluzuzen bat egongo zen, eta zirkuluerdi formako beste bat Santa Maria elizaren aurrean.
Udalaren ezezkoa
Udalak, ordea, ez zuen proiektua onartu. Izan ere, etxeen jabeek haien orube originalen gaineko jabetza arriskuan ikusi zuten, eta udalari presioa egin zioten proiektua baztertzeko. Ugartemendiak beste proiektu bat aurkeztu zuen orduan, higienea ahalbidetuko zuena, eta orubeak gehiegi aldatuko ez zituena. Berrio ere, ezezkoa. Azkenean, hiria erre aurreko egitura bera mantendu zuen berreraikuntzan, baina kalexka batzuk desagertu ziren, kale lau eta zuzenak eraiki zituzten, eta Portu kalea sortu zuten hiria portuarekin hobeto lotzeko.