Donostian bizi diren atzerritarren jatorri nagusia, auzoz auzo
Donostian bizi diren atzerritarren jatorria aztertu du Haritik Hirira geografo taldeak, eta auzoz auzoko datuak mapa batean kokatu ditu. Horrela, auzo gehienetako atzerritarren jatorri nagusiak Honduras eta Nikaragua dira. Hain zuzen, Martutenen, Amara Berrin, Parte Zaharrean, Erdialdean, Antiguan eta Ibaetan bizi diren atzerritar gehienak Nikaraguakoak dira; aldiz, Honduraskoak dira Mirakruz-Bidebietan, Ategorrieta-Ulian, Grosen, Egian eta Loiolan bizi diren atzerritar gehienak. Datuek “azken urteotan Erdialdeko Amerikatik etorritako migrazio mugimendu sakona” islatzen dutela nabarmendu dute geografoek. Donostiako Udalaren 2019ko datuak aintzat hartuta osatu dute ikerketa (Igeldoko datuak 2003koak dira).
Bestalde, Intxaurrondon eta Altzan bizi diren atzerritar gehienak Marokoko Estatukoak dira, Añorgan bizi diren gehienak Errumaniakoak, Aieteko gehienak italiarrak eta Igeldoko eta Miramon-Zorroagako gehienak Frantziako Estatukoak. Horren harira, geografoek nabarmendu dute hiriko errenta maila altuena duten hiru auzoetan Europako mendebaldeko migranteak nagusitzen direla. Hain justu, Miramon-Zorroagan (20.801 euroko batez besteko errenta) Aieten (14.721 eurokoa) eta Igeldon (10.701 eurokoa): Frantziako Estatukoak eta Italiakoak dira auzo horietako atzerritar gehienak. Udaletik hartu dituzten batez besteko errentaren datuak ere bai, baina, kasu honetan, 2017koak dira.
Haritik Hirirak Twitterreko hari batean eman du ikerketaren berri:
Donostian bizi diren atzerritarren jatorri nagusia auzoka #HiriaMapan ? pic.twitter.com/KOHoqvbq9N
— Haritik Hirira (@HaritikHirira) March 12, 2021
Geografoek Donostiari buruzko hainbat ikerketa garatu dituzte azken asteotan, besteak beste, Donostiako apustu etxeen kopuruaren eta kokapenaren ingurukoa, Airbnb plataformako etxebizitza turistikoen eskaintzaren aldaketarena eta alokairuaren merkatuarena.