Ertzainen istripuaren azken txostenaren zain daudela adierazi du udal gobernuak
EH Bilduk interpelazio bat aurkeztu du gaur Pertsonentzako Zerbitzu Batzordean, Urumeara erori zen ertzainen patruilaren istripuaren inguruko azalpenak eskatzeko. “Zoritxar hori gertatu eta ia hiru hilabetera, oraindik ez dakigu benetan zer gertatu zen”, adierazi du Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileak. “Guztiz beharrezkoa da gobernu honek argitzea zer gertatu zen, zein fasetan dagoen ikerketa, noiz amaituko dute txostena eta nondik datozen filtrazioak”, gaineratu du.
Martin Ibabe Herri Segurtasuneko zinegotziak erantzun ditu interpelazioaren galderak. Ibabek adierazi duenez, azken txostenaren zain daude. Udaltzaingoa ikerketa egiten ari da gertaturikoa argitzeko, eta polizia judiziala diren heinean, txostena epaileari helaraziko diote. Filtrazioei dagokienez, Ibabek esan du ez dakitela ezer, eta beraiek ere jakin nahiko luketela informazioa nork filtratu duen.
Istripua pasa den abenduaren 30ean gertatu zen. Ertzaintzaren patruila auto bat Urumea ibaira erori zen 3:30ak aldera, Egiako tuneletik ateratzean Maria Kristina zubiko hesia hautsi ondoren. Autoan zihoazen bi agenteetako bat hil egin zen, eta bestea hotzak jota atera zuten.