Hogei ideia inguru jaso ditu Lanberri auzo elkarteak, aurrekontu parte hartzaileen prozesuan
Donostiako Udalak datozen bi urtetarako aurrekontu parte hartzaileen prozedura abian jarri zuen otsailean, eta auzoetako proposamenak jasotzen ari dira. Horietako bat da Txomiñenea, eta Lanberri auzo elkarteak pasa den ostegunean bi bilera egin zituen. Bata udalarekin aurrekontu parte hartzaileen harira, eta bestea Txomineko bizilagunek beraien ideia zein proposamenak jasotzeko.
Hogei ideia inguru jaso zituzten auzotarrekin egindako bileran. “Batzuk ezin dira sartu aurrekontu parte hartzaileen prozesuan, diru kopuru handia delako edo ez direlako udalaren eskumenekoak”, azaldu du Moises Alvarok, Lanberriko kideak. Hain zuzen, gehienez 300.000 euroko aurrekontua dute proposamenak egiteko. Auzotarren eskaeren artean, nabarmentzekoak dira ekipamenduak –anbulatorio berria, kiroldegia, kultur etxea–, auzoaren mantentze lanak eta hirigintzarekin loturiko ideiak.
“Bestalde, ideia politak jaso ditugu auzo kalitatea eta bizilagunen arteko harremanak sustatzeko”, adierazi du Alvarok. Horiek hiru alorretan sailkatu dituzte: “Lehenik, Urumea ibaia eta inguruei balioa emateko ideiak; ekintzak, txangoak txalupan ibaia ezagutzeko, ibaiaren interpretazio zentroaren ideia berreskuratzea eta ibai parkean hobekuntzak egiteak. Bigarrenik, auzoko haurtxokoa eya auzo elkartearen lokalaren funtzionalitatea hobetzeko hainbat lan, leku mugatua delako. Eta hirugarrenik, auzoaren historia eta ondarea ezagutzeko azterketa lana egitea, gero zabaltzeko, batez ere, bizilagun berrien artean”.
Balorazio ona
Udalarekin izandako bileraren balorazio ona egin du Alvarok. “Ondo iruditzen zait horrelako egitasmoak bultzatzea, herritarren eta udalaren arteko harremana hurbiltzeko aukera ematen du. Gainera, proposamen zehatzak egiteko aukera ago, auzo elkartearen lana ere bultzatzeko”.
Dena dela, prozesuak bere mugak dituela azpimarratu du Alvarok: “Diru kopuru zehatza, gaiak mugatzea, eta bozketa sistemak auzo handiei mesede egiten die. Hau pixka bat etsigarria izan daiteke. Beraz, egitasmoa ona da, baina ez da onena. Herritarren parte hartze hartze prozesuen zati txiki bat izan behar da, baina kultura hau sustatzeko pauso polita izan daiteke”.