Reala punturik gabe itzuli da Granadatik
1-0 galdu zuen Realak. (Argazkia: Reala) Realak Granadara egin zuen bidaia hiru puntu eskuratzeko eta Europako postuetan egonkortzeko, baina talde txuri-gorriak irabazi zuen partida, German Sanchezen gol bati esker. Realak bosgarren postuan jarraitzen du, seigarren sailkatuak ere, Betisek, galdu egin baitzuen. Nesken taldeak, berriz, 1-2 irabazi zuen Teneriferen zelaian. Sanni Franssi finlandiarrak egin zuen donostiarren lehen gola, baina Raquel Penak berdindu egin zuen. Handik bost minutura, Raquelek berak penaltia egin zuen, eta Barbara Latorrek aurretik jarri zituen txuri-urdinak. Goiko postuetara begira daude orain txuri-urdinak: seigarren daude, 40 punturekin, eta Europa Ligaren aurreko faserako txartela ematen duen azken postuan, hirugarrenean, Real Madril dago 47 punturekin, nahiz eta partida bat gehiago jokatu duen.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek Valentzia Basket garaitu zuen etxean, 78-60. Garaipen honi esker, azken postua utzi dute donostiarrek, eta Bilbao Basket dago atzean. Ibaeta Basketek ere bere partida irabazi zuen Zaragozaren etxean, 74-82. Orain zortzigarren dira Ibaetakoak, playoffetara sailkapena ematen duen azken postua.
Eskubaloian, Bera Berak 41-18 garaitu zuen Puerto del Carmen. Garaipen honekin eman dio amaiera talde donostiarrak ligaren lehen zatiari.
Izotz hockeyan, Txuri-Urdinek finaleko lehen partida galdu zuen Majadahondaren aurka, 2-5. Datorren larunbatean izango du finaleko bigarren partida, eta partida galdu ezkero, finala amaitu egingo da, madrildarrentzat.
Belar hockeyan, Realak bi partida izan zituen asteburuan, RC Poloren eta UD Taburienteren aurka, eta lehena berdindu eta bigarrena galdu zituen, 1-1 eta 1-2, hurrenez hurren. Bederatzigarren postuan dira donostiarrak.


