Udal Artxiboak Blas de Otero plazan irekiko ditu ateak
Bihar irekiko dute Udal Artxiboaren egoitza berria, Egiako Blas de Otero plazan. Instalazioak egokitu ondoren, harrera egingo diete herritarrei. Astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara egongo da irekita, eta ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea. Telefono bidez, 943 48 10 53 zenbakira deitu behar da, eta Internet bitartez udalaren webgunean egin daiteke eskaera.
Dokumentu funtsak lekualdatzen ari direnez gero, pertsona eta egun bakoitzeko bi dokumentu unitate bakarrik eskatu ahal izango dira. Kontsulta aretoan bederatzi postu besterik ez da egongo, pandemiaren eboluzioak bestela aholkatu arte.
Instalazioak eta agiriak erabiltzeko arauak ondorengoak dira:
- Adierazitako orduan, Artxiboko sarreran egongo da pertsona hori, maskaraz hornituta, eta eraikinean egoten den bitartean, ez du kendu beharko. Eskura izango ditu gel hidroalkoholikoa eta eskularruak, eta horiek ere erabili beharrean egongo da. Poltsak, karpetak eta bestelako gauza pertsonalak utziko ditu horretarako dauden armairutxoetan.
- Herritarren esku jarritako gailuak erabili baino lehen, eskuak desinfektatu egin behar dituzte erabiltzaileek, hartarako, gel hidroalkoholikoa izango dute eskuragarri. Erabiltzaileek, betiere, beren ekipamenduak eta baliabide pertsonalak erabil ditzakete, sarera konektaturik, Kontsulta aretoan dauden bitartean.
- Isolatuta geratuko dira erabiltzaileek agiritegian bertan eskuratzen dituzten artxiboetako agiri eta materialak, eta ezingo ditu inork berriro erabili hamar egun igaro arte.
- Erabiltzaileak dokumentu berak kontsultatzen jarraitu nahi badu (hurrengo egunetan, betiere, elkarren segidan), edukiontziak emango dizkiote, dokumentuak Kontsulta aretoan gorde, isolatu eta pertsona hark erabil ditzan; hartara, berriro kontsultatu ahal izango ditu lehen aipatutako gutxieneko isolamendu aldia zertan igaro gabe.