Arte Ederren eraikina birgaitu eta hotel bihurtzeko asmoak aurrera jarraitzen du
Espainiako Auzitegi Gorenaren martxoaren 11ko epai batek Arte Ederren eraikinaren aferari gaurkotasuna eman dio. SADE eraikinaren jabeak epaitegietara jo zuen Donostiako Udalari 13,7 milioi euroko kalte-ordaina eskatzeko. Ordea, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen ez zegoela “inolako arrazoirik” udalak diru hori ordaindu behar izateko. Epai horri helegitea jarri zion SADEk, eta Gorenak ez du onartu. Horrela, auzibide hori behin betiko itxi dute.
“Epaiak lasaitasuna eman digu, enpresak diru asko eskatzen zuelako”, adierazi du Eneko Goia alkateak. Arte Ederren eraikina birgaitzeko aukera gertuago dagoela gaineratu du. “SADEk egin nahi duen hirigintza proiektua begi onez ikusten dugu arauak eta baldintzak betetzen dituelako. Espero dugu bide horretatik proiektuak aurrera egitea, eta egoera kaskarrean dagoen eraikin honi irtenbidea ematea”.
SADEk erabilera turistikoa eman nahi dio Arte Ederretako eraikinari. Hotel batean bihurtu edo etxebizitza turistikoak jartzeko aukera dute, Goiak aitortu duenez. Eraikina birgaitzerakoan babesturiko elementuak errespetatu beharko dituzte. “Ez da zinematografo bat izango, jabeei ez zaielako bideragarria iruditzen”, adierazi du Goiak.