Donostian 10.000 zuhaitz landatu dituzte 2020an

zuhaitz landaketa Zuhaitz landaketa bat, iazko martxoan, Loiolako Erriberan. (Argazkia: Haritzalde)

Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak asteleheneko udal batzordeetan azaldu zuenez, Donostiako parke eta gune berdeetan 10.000 zuhaitz inguru landatu zituzten iaz. Elkarrekin Donostia taldeko Haizea Garai zinegotziaren galderei erantzunez eman zituen azalpenak Garmendiak, oposizioko zinegotziak salatu baitzuen Zuhaiztien Plana duela bi urte eta erdi gauzatu behar zela. Garmendiaren arabera, plana idazteko aurrekontua, 110.000 eurokoa, prest zegoen iaz, baina pandemia dela eta geldiarazi zuten.

Bestalde, Garmendiak azaldu zuen landatutako 10.000 zuhaitz horietako 900 inguru udalak landatu zituela: 300 Haritzalde Naturzaleen Elkartearekin elkarlanean eta hainbat auzo elkarterekin elkarlanean, 200 Hirigintza sialaren eskutik eta 400 udaleko lorezain brigaden eskutik. Gainontzeko 9.000 zuhaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zituen.

Zuhaitz mozketen inguruan ere galdetu zuen Garaik, iaz hiriko 1.148 zuhaitz kendu baitzituzten. Garmendiaren arabera, gehienak denboraleen eta haize bolada indartsuen ondorioz hautsi edo erori ziren, eta horregatik kendu zituen udalak. Hain zuzen, kendutako 921 zuhaitz arrazoi horiengatik kendu zituzten. Gainontzekoak, aldiz, gaixotasunengatik edo beste arazo batzuengatik moztu zituzten. Garmendiak nabarmendu zuen udalak zuhaitzen bizitza zikloa bukatzen uzten duela, baldin eta ez badute arriskurik suposatzen herritarrentzat.

Garaik galdetu zuen ea kendutako 1.148 zuhaitzak ordezkatuak izan ziren, eta Garmendiak erantzun zuen baietz, udala beti saiatzen dela hori egiten, baita zuhaitz bat moztu aurretik horri buruzko txosten bat idazten dutela, mozketa egiteak merezi ote duen aztertzeko. Era berean, nabarmendu zuen landatutakoak kendutakoak baino gehiago izan direla.

Bestalde, Ekologia zinegotziak adierazi zuen udala aztertzen ari dela tokiko zuhaitzen hazi biltegi bat sortzeko aukera, etorkizunean landatu ahal izateko.

HITZAkide HITZAkide