EH Bilduk dio 'El Diario Vasco'-ren lursaila birkalifikatzeko hitzarmena aldatu behar izan duela udal gobernuak
Iazko uztailean, Donostiako Udalak eta Sociedad Vascongada de Publicaciones SA enpresak hirigintza hitzarmen bat sinatu zuten, enpresak Igaran duen lursailean etxebizitzak eraikitzeko. Horretarako, lurrak birkalifikatzea adostu zuten, bizitegi erabilera emateko eremuari. Orduan EH Bilduk ohartarazi zuen, hirigintza plan pribatua izan arren, “baliabide gutxien dituzten kolektiboei zuzenduriko etxebizitza babestuak” ez aurreikustea “legez kanpokoa” izan zitekeela. Zortzi hilabete beranduago, hitzarmena aldatu dutela ohartarazi du udal taldeak.
“Hirigintza hitzarmenean sartu duten zuzenketa honek arrazoia ematen digu EH Bilduri eta etxebizitzarako eskubidearen alde borrokatzen ari diren Donostiako eragile guztioi”, azpimarratu dute. Dena dela, hitzarmenak enpresarentzat “onura handiegia” izaten jarraitzen duela gaineratu du, “donostiar jendarteari ekarriko dizkion onurekin alderatuta”.
Eraikigarritasuna handitu dute
Hitzarmenaren aldaketarekin, udal gobernuak eraikigarritasuna “handitu” duela dio EH Bilduk, eta horrek enpresaren etekin ekonomikoa “mantentzea” duela helburu. “Izan ere, birkalifikatzeak El Diario Vasco-ri milioika euro ekarriko dizkio”. Proposamenaren arabera, 3.275 metro karratu gehiago baimentzen ditu etxebizitzen eraikigarritasunerako (%18 gehiago), eta 325 metro karratu gehiago merkataritza erabilerarako (%118 gehiago).
Era berean, EH Bilduk adierazi du hasierako proposamenean ez bezala, bigarren hitzarmenak babes ofizialeko etxebizitzak aurreikusten dituela (%20). “Horrela, hasierako hitzarmenean aurreikusitako etxebizitza tasatuen % 20 kontuan hartuta, Lurzoruaren Euskal Legean aurreikusitako gutxieneko %40ra iristen da. Eraikigarritasuna handitzearekin, udal gobernuak konpentsatu egiten du operazioan babes sozialeko etxebizitzen kupo jakin bat sartu behar izateak dakarren errentagarritasun jaitsiera”.