Erakunde publikoek Domus VI enpresarekin dituzten kontratuak bertan behera uzteko eskatu du ELAk
Sindikatuak salatu du Domus VI-k "negozioa" egiten duela hildakoekin, eta erakundeei eskatu die enpresak kudeatzen dituen zaharren egoitzak bere gain hartzeko. Domus VI enpresak Donostiako bi zahar etxe kudeatzen ditu: Villa Sacramento eta Berra.
Infolibre hedabide espainiarrak astelehenean argitaratutako informazioaren arabera, Domus VI enpresak komisioak kobratzen ditu Memora ehorzketa enpresatik, Domus VI-k kudeatzen dituen zaharren egoitzetan hiltzen diren pertsonen senideek ehorzketa enpresa horretako zerbitzuan kontratatzen baldin baditu. 2015ean sinatu zuten hitzarmen komertziala, eta Domus VI hildako bakoitzeko 700 euro kobratzera heldu da. Hitzarmena 2018an berritu zuten, eta indarrean jarraitzen du.
Horregatik, ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiei eskatu die Domus VI enpresarekin dituzten kontratu guztiak bertan behera uzteko eta harremanak mozteko, “hildakoekin negozioa egiteagatik”. Era berean, erakundeek egoitza horien kontrola euren gain hartzeko eskatu du sindikatuak, “langile guztien subrogazioarekin”. Izan ere, Domus VI-k hamahiru zahar etxe kudeatzen ditu Hego Euskal Herrian, tartean Donostiako bi: Ategorrietako Villa Sacramento eta Altzako Berra.
Pandemiaren hilabete gogorrenetan, hildako ugari izan ziren zahar etxe gehienetan, baita Domus VI enpresak kudeatutakoetan ere: Espainiako Estatu osoan, aipatu enpresaren menpeko egoitzetan 2.100 pertsona zendu ziren 2020an. Donostian, adierazgarria izan zen Berra egoitzaren kasua: ELAk langileen egoera salatu zuen hainbatetan, eta hildako asko izan ziren; martxoaren 20tik apirilaren 17ra, esaterako, 25 egoiliar zendu ziren, eta normalean bat eta hiru egoiliar artean hiltzen dira denbora tarte horretan.
Domus VI-ren aurka borrokan
ELAk azaldu Domus VI “Intermediate Capital Group putre funtsen enpresa bat” dela: “Lau herrialdetako hogei konpainia baino gehiagoko sozietate sare baten bidez, Hego Euskal Herriko egoitzetan irabazitako dirua Jerseyko sozietate nagusian amaitu arte mugitzen duena”. Horregatik, “indar politikoek eutsitako bizitzaren salerosketaren ereduaren eredu naguesietako bat da Domus VI”, sindikatuaren arabera.
ELAk hainbat aldiz salatu du aipatu enpresa, baina nabarmendu dute ez zutela espero “bizitzaren salerosketa eredu barruan heriotzaren salerosketa” aurkitzea. “Nork bermatzen du Domus VI-ko edozein zentrotan enpresak baliabide guztiak jartzen dituela gure adinekoak bizirik jarrai dezaten?”, gaineratu du sindikatuak.