Igarako 'El Diario Vasco'-ren egoitzaren lursailean 250 etxebizitza eraikiko dituzte
Donostiako Udalak beste hirigintza hitzarmen bat sinatu du Sociedad Vascongada de Publicaciones SA enpresarekin –El Diario Vasco-ren editorea da–. Horren bidez, Igaran duten lursailean 250 etxebizitza eraikiko dituzte. Horietatik 100 etxebizitza publikoak izango dira –kopuru osoaren %40a–.
“Jarduera honek aukera ematen du etxebizitza babestuen bizitegi-eskaintza handitzeko, eta hornidura publikoak handitu eta hobetzeko. Ibaeta auzoaren gainerako zatian integratutako hirigintza garapena da, eta bizitegi inguruneari jarraipena ematen dio kalitateko espazio publikoekin, eremu horretan lehendik daudenak osatzeko”, azaldu du Eneko Goia alkateak
Gaur egun, Sociedad Vascongada de Publicaciones dagoen lursailean dauden instalazioak zaharkituta geratu dira bertan egiten den jardueraren bilakaeragatik; beraz, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean lursail horren kalifikazioa aldatuko da, eta hirugarren sektorekoa izatetik bizitegi izatera pasako da.
‘Izadi Enea’
Hirigintza proiektuari Izadi Enea izena jarri diote, eta Amenabar eraikuntza enpresa arduratuko da eraikitzeaz. Udalak eta enpresak sinatu duten hitzarmenak 21.600 metro karratuko hirigintza eraikigarritasuna proposatzen du. Horietatik, 21.000 metro karratu bizitegi erabilerarako izango dira (12.600 sustapen libreko etxebizitzarako, 4.200 babes sozialeko etxebizitzarako eta 4.200 etxebizitza tasaturako), eta 600 metro karratu merkataritza erabilerarako.
Plaza handi bat sortuko da erdian, hegoaldera irekitako berdeguneekin, etxebizitzak iparraldera eta mendebaldera banatuz, eta ipar-mendebaldeko izkina dorre baten bidez okupatuko da. Iparraldeko beheko solairuak eta dorrea tokiko eta merkataritzako ekipamenduetarako izango dira, eta gainerako espazioa gune librerako izango da.