Kezka sortu dute Urgulleko saneamendu sarearen lanek
Hainbat herritarrek Urgull mendiko saneamendu sarearen lanak kritikatu dituzte, ur beltzen hodiak jartzeko moduarengatik. Hain zuzen ere, harresiaren ondoan jarri dituzte hodiak, eta estetika aldetik duten itxura da sare sozialen bidez salatu dutena. “Ni ere kezkatu naiz irudi batzuk ikustean”, adierazi du Eneko Goia alkateak, gaiaren inguruan galdetuta. Dena dela, lanak oraindik bukatu gabe daudela gaineratu du: “Hodi horiek lurrarekin eta landarediarekin estaliko dituztela esan digu Proiektu eta Obren zuzendaritzak”.
Iazko abuztuan hasi zituzten Urgullen saneamendu sarea jartzeko lanak, eta hilabete honetan bukatzea aurreikusten du Donostiako Udalak. “Saneamendurik ez zegoen Urgullen, eta horregatik jartzea erabaki genuen. Komunen erabilera handitzeak bistaratu zuen arazoa. Ikusi ditugun irudiek kezka sortzen dute, eta badakit zalaparta sortu dela”, azaldu du Goiak. Donostia Kultura eta Hirigintza saila Proiektu eta Obren zuzendaritzarekin harremanetan jarri zen saneamendu sarearen lanei jarraipena egiteko. “Kontuz ibiltzeko eskatu diegu, gauzak ondo egin daitezen. Saiatu behar gara uztartzen beharrezko saneamendu zerbitzu hori eta ondarearen babesa”.
Milioi bat euro inguru
Saneamendu sarea ez ezik, txorrotako ura eta bakarrik garbitzen den komun bat ere egongo da Urgullen. Milioi bat euro inguruko kostua izango dute lanek. Horiei esker, Urgulleko Polborinak eta Natur Txokoak ez dute hobi septikorik gehiago erabili beharko hemendik aurrera.
2019ko udan Eguzki Talde Ekologistak salatu zuen tabernaren ondoko komuneko ur beltzak mendira isurtzen zirela, eta arazoa aspaldikoa zela nabarmendu zuen. Izan ere, saneamendu sare bat baino, Urgullek hobi septikoen sare bat izan du orain arte, horrek ingurumenarentzat ekar ditzakeen arriskuekin.