Donostiako Udalaren diru sarrerek 18,7 milioi euro egin zuten behera 2020an
Jaime Dominguez-Macaya Ogasun eta Finantzetako zinegotzia. (Argazkia: Donostiako Udala) Donostiako Udalak 2020ko ekitaldiaren likidazioa aurkeztu du, eta diru sarrerek nabarmen egin zuten behera joan den urtean 18,7 milioi euro. Egoera hau pandemiak sortu duela adierazi dute: “Osasun-larrialdiak diru sarrerak nabarmen gutxitu ditu, bereziki, ekonomia jardueratan pandemiak eragindako ondorioei aurre egiteko”. Hala ere, 2020eko balantzea 273.940 euroko superabitarekin amaitu dutela adierazi dute.
Hala ere, jaitsiera honen arrazoi nagusia Udalak Finantziatzeko Foru Funtsatik jasotzen duten diru laguntza 20 milioi euro gutxitu dela diote. Bestalde, jarduera ekonomikoaren inguruko diru sarrerek ere behera egin dute. Hauek izan dira jaitsierak, atalez atal:
· 2,8 milioi euro gutxiago hondakinak jasotzeko eta tratatzeko tasan
· 1,8 milioi euro gutxiago bide publikoa aulki eta mahaiekin okupatzeagatik ordaindu beharreko tasan
· 0,5 milioi euro gutxiago ur eta saneamendu tasan
· 1,7 milioi euro gutxiago TAOn
· 0,6 milioi euro gutxiago aparkalekuen erabileratik
· 2,6 milioi euro gutxiago ICIO delako zergan
Hala ere, aparteko diru sarrerak ere izan ditu udalak. 13 milioi euroko aparteko mailegua eskatu du, eta San Bartolomeko hirigintza proiektuko hainbat lursailetatik 5,6 milioi euro lortu ditu. Bestalde, udalak 20,6 milioi euroko erreserba egin du, etorkizunean desorekak ekiditeko. Gastuek ere behera egin zuten joan den urtean, 12,7 milioi euro zehazki.
Donostiako Udalak 120,4 milioi euro itzuli behar dizkie finantziazio entitateei eta bankuei. Zorpetze maila, beraz, %41,35ekoa da. Gogorarazi dute udalentzat zorpetze maila arrunta %72koa dela, eta Europar Batasunak %70ean jartzen duela muga.

