Zuhaitz landaketa herrikoia egingo dute Haritzaldek eta Morlanstarrak auzo elkarteak
Martxoaren 19an, ostirala, zuhaitz landaketa herrikoia egingo dute Morlanstarrak auzo elkarteak eta Haritzaldek elkarlanean; izan ere, martxoaren 21etan Basoen edo Zuhaitzen Nazioarteko Eguna da. Amara eta Aiete lotzen dituen errepidearen azpian egingo dute landaketa, Lugaritzera doan bidegorriaren ondoan. Izan ere, inguru horretan igogailu publiko bat egin dute, eta lanetan aurreikusita zegoen zuhaitz landaketa bat egitea, baina gainkostuak direla eta albo batera utzi zuten. Hau dela eta, bi elkarteek astigar txikiak, Montpelliergo astigarrak, haritzak, gereziondoak, lizarrak eta elorri txuriak jarriko dituzte elkarlanean.
Larrialdi ekonomiko eta ekologikoan “berebizikoa” ikusten dute bioaniztasuna, eta Donostiako Udalari eskatu diote hirian geratzen diren baso eta berdeguneak babesteko, eta Antondegi jarri dute adibide gisa. Osasun larrialdia dela eta, landaketa eredua aldatuko dute; hamabost pertsonako lau txandatan egingo dute, eta aurretik izena eman beharko da bertan parte hartzeko, morlansberri@gmail.com helbide elektronikora izen-abizenak eta lagun kopurua bidalita. 10:30ean hasiko dira, eta ordu erdiko txandatan egingo dute.
Haritzalderen datuak
Negu honetan Haritzaldek egingo duen azken zuhaitz landaketa izango da ostiralekoa; Txomiñenen eta Loiolako Erriberan egin dituzte landaketak dagoeneko, 275 zuhaitz guztira. 1997tik hona 6.505 zuhaitz landatu dituzte 2.000 pertsona baino gehiagoren laguntzari esker.