EH Bilduk elkarretaratze bat egingo du Kontxan, 'Ez handitu zuloa' lelopean
Metroko lanen “iluntasuna” salatzeko mobilizazioak iragarri ditu EH Bilduk. PNV-PSE: Ez handitu zuloa lelopean elkarretaratze bat egingo dute hilaren 28an, Kontxako erlojuetan (12:30). Hilaren 25ean, berriz, metroko lanen afera udalbatzarrera eramango dute. Satorralaiak eskatuta, Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk mozio bateratua aurkeztuko dute. Easo-Mirakontxa zatiaren bigarren lizitazioa gelditzeko eskatuko dute, erakunde independente batek metroaren lanak hirigunean eta eraikinetan izan ditzakeen ondorioei buruzko azterketa geotekniko bat egin arte.
EH Bilduko Garbiñe Alkiza eta Markel Ormazabal zinegotziek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean. “Metro pasantearen lanak jarraitzen du iluntasuna, arriskuak, inprobisazioa, gainkostuak eta atzerapenak pilatzen. Jakina denez, Easo-Mirakontxa tartearen bigarren lizitaziorako lehiaketa publikoa irekita dago une honetan, eta %130 gainkostua dauka dagoeneko. Gainera, Zubieta kaleko zuloak agertu ondoren, hasiera batean, ETSk 2022tik 2024ra atzeratu zuen metro-pasantea martxan jartzea, baina orain Arriola sailburuak atzeratu egin du berriro, oraingoz, 2025era arte”, azaldu dute.
Zubieta kalean sorturiko bi zuloek egitasmoa “zalantzan” jarri dutela azpimarratu dute. Ordea, udal gobernuak “normaltasun itxura” transmititzen duela gaineratu dute. “EAJk eta PSE-EEk isiltasun estrategia bat ezarri dute metroaren igarobidearen inguruan, beste proiektu batzuetan duten propaganda erakustaldiekin kontrajarrita. Instituzioetan oposizioko taldeen galderei erantzutera behartuta daudenean bakarrik hitz egiten dute metroaz”.
Metroaren lanengatik gertaturikoa “oso larria” dela dio EH Bilduk. “Herritarren eta langileen segurtasunari buruz ari gara. Gainera, guztion artean ordaintzen dugun egitasmo oso garestiari buruz ari gara, pandemia baten erdian, eta gutxi batzuen interesen aurrean segurtasuna lehenesteko eskatzeko eskubide osoa dugu”.