Isabel II.aren kalean bidegorri bat eraikitzeko eskatu diote Amara Berriko eragile gehienek udalari
Amara Berriko auzo elkarteak eta Kalapie hiriko txirrindularien elkarteak Amara Berriko mugikortasun aktiboa hobetzeko proposamena helarazi diote Donostiako Udalari. Karlos I.aren kaleak Amara Berri bitan banatzen du, eta ez dago bizikletaz batetik bestera igarotzeko biderik, auzo elkarteak eta Kalapiek salatu dutenez. Horregatik, Isabel II.aren kalea berrurbanizatzen ari diren honetan, kale horretatik Karlos I.aren kaleraino joango den bidegorri bat eraikitzea proposatu diote udalari, auzoaren bi zatiak ondo konektatuta egon daitezen. Gainera, auzo elkarteak eta Kalapiek azaldu dutenez, Loiolako Erribera, Amara Berri, Amara eta Erdialdea bizikletaz ondo konektatzeko garrantzitsua da Isabel II.ean eraikitzea proposatu duten bidegorria. Oinezkoentzako espazioa “auzoari itzultzea” ere eskatu dute, oinezkoentzako guneetatik bidegorri bat eraiki den tokietan.
Amara Berriko auzo elkartearen eta Kalapieren arabera, Isabel II.aren berrurbanizazioa dela eta “une egokia da zer auzo mota nahi dugun eta bertatik nola mugitu nahi dugun birpentsatzeko”. Maiatzetik aurrera hiri barruko errepideetako gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa izango da, eta neurri horren alde daudela adierazi dute. Hala ere, haratago joatearen beharra nabarmendu dute: “Pentsatzen jarraitzen dugu ez dugula hor geratu behar, eta bizitzeko, paseatzeko, jolasteko, korrika egiteko, pedalei eragiteko, kirola egiteko, irakurtzeko edo terrazetan libreki, segurtasunez eta espazio garbietan, kutsadura atmosferikorik eta akustikorik gabe esertzeko dugun espazioa banatu behar dugula”, azaldu dute.
Auzo elkarteak eta Kalapiek udalari egindako proposamenarekin bat egin dute auzoko eragile gehienek: Ikasbide kultur elkarteak, Ilunki kultur elkarteak, Amara Berri ikastetxeak eta guraso elkarteak, eta Katalin Erauso ikastetxeak eta guraso elkarteak, hain zuzen.