Kopako finalean zaleak egoteari uko egin dio Espainiako Futbol Federazioak
(Argazkia: Reala) Atzo goizean SER irratiko El Larguero programak aurreratu zuen Realaren eta Athleticen arteko finalean zaleak egongo zirela. Irratiak adierazitakoaren arabera, partida Andaluziako 10.000 zale ingururekin jokatzea zen asmoa. Bart gauean, baina, Espainiako Gobernuak, eta gaur goizean Espainiako Futbol Federazioak, informazio hori ukatu dute.
Federazioak adierazi du beti egingo dietela kasu Andaluziako eta Espainiako Gobernuak ezarritako arauei, eta partida zaleekin jokatzea “neurrizko arriskua” dela gehitu du. Luis Rubiales federazioko presidenteak dio Andaluziako Gobernuarekin batera lanean ibili direla azken asteetan, partida zaleekin jokatzeko aukera lantzeko, baina azkenean zale gabe jokatzeko erabakia hartu dute.
Gaur arratsaldean izango da kontu honekin zer ikusia duen azken bilera, federazioaren eta gainontzeko aktoreen artean, Reala tarteko, baina zaleekin jokatzeko aukera jada ez dago mahai gainean. Bestalde, ETBk finala emango du ETB1 katean; 21:30ean izango da, apirilaren 3an.


