Begiratokia
Iztuetako lanei begira bizi dira herritar asko. Pasabidea eraisten hasi zirenetik lehen lerroan kokatu dira, eta bukatu bitarte egongo dira begira. Ikusmina sortu du obrak, eta ikusgarriak dira prozesuaren irudiak. Egiatik zein Grosetik begiratuta, pixkanaka, bi auzoen arteko zubibidea nola desagertzen ari den ikusten ari dira. Egunero pasatzen dira lanen erritmoa bertatik bertara jarraitzeko. Inguruko etxeetan bizi direnek, berriz, lanen bestelako ikuspegia dute. Iztuetako begiratokiak dira. Obraren testigu zuzenak dira, esnatzen direnetik lokartzen diren arte. Bihar ere, jaiki, eta begira jarriko dira.