Euskaltegiek pandemiari aurre egitea lortu dute
COVID-19aren pandemiak gogor jo ditu euskaltegiak ere. Itxialdian metodologia aldatu behar izan zuten, eta, orain, segurtasun neurriak bermatzeko, ikasle kopurua murriztu besterik ez dute izan. Hasieran uste baino hobeto badaude ere, instituzioen laguntza falta izan dute egindako inbertsioak ordaintzeko.
Helduen alfabetatzea eta euskalduntzea ezinbestekoa da euskararen normalizazioa erdiesteko. Ondorioz, euskaltegiek euskal gizarteari egiten dioten ekarpena handia da, euskararen ezagutza hedatzen dutelako helduen artean. Donostian hamar euskaltegi baino gehiago daude. Euskaltegiek beraien lana ondo egiteko, batetik, irakasleak behar dituzte, eta bestetik, ikasleak. HABEk emandako datuen arabera, 4.551 pertsona aritu dira euskara ikasten Donostiako euskaltegietan 2019-2020 ikasturtean, aurrekoan baino 235 ikasle gehiago. Orain indarrean dagoen ikasturteko datuak oraindik ez dira osoak, ekainera arte aldaketak egon daitezkeelako kopuruan. Udan 2020-2021eko datuei erreparatuko diegunean, baliteke ikasle kopurua murriztu izana. Izan ere, COVID-19aren pandemiak gogor jo ditu euskaltegiak ere, eta haiekin, euskara.
Aitziber Otegi Donostiako AEK-ko eta Korrikako arduradunaren arabera, datuei begiratuz gero egoera ez da ona: “Hala ere, egia da irailean pentsatzen genuena baino hobea dela egoera. Pandemiaren gehienezko kopuru bat sartzen da gela batean, eta horrek eragin du ikasle gutxiago sartu ahal izatea. Jende asko kalean utzi behar izan dugu ez direlako klaseetan sartzen: garai batean hamabost sartzen bagenituen, orain hamar. Horrek ikasle galera ekarri du”.
Hitzez euskaltegian ere jende asko kanpoan utzi behar izan dute: “Gu, zorionez, nahiko ondo gaude momentu honetan, baina egia da jende gutxiago hurbildu dela aurten, normala den bezala. Hala ere, aurre egin diogu eta espero genuen baino jende gehiago etorri da: oro har berdintsu ibili gara euskaltegi guztietan. Otsailean jende asko kanpoan utzi behar izan dugu tokirik ez zegoelako, baina oro har, ondo”, azaldu du Ainhoa Sanchez Hitzez euskaltegiko zuzendariak.
Euskaltegiak egoera onean daudela adierazi du Isidro Yoldi Urrats euskaltegiko zuzendariak: “Ondo gaude: uste baino hobeto joan da dena. Talde orduak gutxi asko mantendu dira, eta hori ona da. Taldeetan jende gutxiago dago, bi arrazoirengatik. Segurtasun neurriak bermatu ahal izateko ratioak jaitsi behar izan ditugu euskaltegi guztiok. Beraz, talde kopurua eta talde orduak mantendu badira ere, ikasle kopurua jaitsi egin da. Hori ona da, ez genuelako uste talde ordu guztiei eusteko modua izango genuenik”, azaldu du.
Pandemia hasi zenetik, koronabirusak aldaketa asko eragin ditu gizartean, eta beldurra ere sortu du. Hori ere nabaritu du euskaltegietan: “Denok sumatu dugu denok ikasle gutxiago etorri direla, eta hori izan daiteke oro har jendeak duen beldurragatik: hori ulergarria da. Nahiz eta segurtasun neurriak bermatu, ikasle batzuek atzera egin dute pandemia egoeragatik”, azaldu du Urrats euskaltegiko zuzendariak. Ainhoa Sanchezek, berriz, ez du beldur hori gehiegi sumatu: “Bertaratzeari dagokionez, esan dezaket inoiz baino gehiago ari direla ikasleak etortzen. Oso baja gutxi izan ditugu, baina ez beldurragatik. Jendea txintxo etortzen da klasera, harrigarria bada ere egoera honetan. Ikasleren bat konfinatuta geratu behar izan da, baina ez euskaltegian kutsatu delako, baizik eta gertuko norbait kutsatu delako. Irakasle bat bera ere ez da kutsatu, eta garrantzitsuena: euskaltegian ez da kutsatzerik egon”.
Duela urtebete pandemia sortzearekin batera itxialdia hasi zenean, egoera berrira egokitu ziren euskaltegiak, eta hori “ikasbidea” izan zela uste du AEK-ko arduradunak: “Bat-batean iritsi zen pandemia, eta irakasle guztiak hasieran oso galduta ginen. Gu aurrez aurreko klaseak ematera ohituta gaude, eta asko ikasi behar izan genuen. Klaseak online eman genituen, bakoitzak etxean dauzkan baliabideak baliatuta. Ez zen garai ona izan, baina oso ondo etorri zaigu gauza asko ikasteko, adibidez, online mundu osoa. Orain arte oso gutxi genekien. Metodologia aldatu zen garai horretan, eta orain bueltatu gara betikora. Urrian ikasturtea hasi genuenean egoera kolokan zegoen, eta gauza guztiak prestatu genituen aurrez aurre edo online egiteko. Hori ikasbidea izan da, gaur egun prestatuta gaudelako, itxialdia berriro etorriko balitz badakigulako nola jokatu”.
Hitzez euskaltegiko Andoni Lamarka irakaslearen arabera, itxialdi garaiak metodologiari guztiz eragin zion: “Egun batetik bestera etxeratu ginen, eta klaseak aldatu behar izan genituen. Skype-a erabili behar izan genuen, egoera asko aldatu zen eta behartu gintuen moldatzera. Ogi gogorrari hagin zorrotza, eta ni gustura nago egindako lanarekin; eta nik uste dut denok gaudela”.
Ratioa jaitsi du HABEk
HABEk euskaltegiei bederatziko gutxieneko ratioa ezartzen die, hau da, taldea osatu dadin gutxienez bederatzi ikasle eduki behar ditu. Pandemia hasi zenetik, ratioa malgutu eta zortzira jaitsi zuen HABEk. Horrek arnas pixka bat eman die euskaltegiei, baina azpiegiturek eduki ditzaketen mugekin topo egin dute. Muga horiei aurre egiteko, teknologia ezinbesteko tresna izan da Urrats euskaltegian: “Pandemiak guztioi eragin digu eta ahalegin handia egin dugu denok: ikasleek, irakasleek, eta euskaltegiek orokorrean. Distantziak handitu behar izan ditugu, geletako edukiera mugatu dugu… Guk erabaki genuen saio guztiak streaming bidez egitea. Gure geletan segurtasun neurriak beteta sei-zazpi ikasle kabitzen dira, eta gure ratioa batez beste hamar-hamaika ingurukoa izaten da. Orduan pentsatu genuen: nola artatuko ditugu gainontzeko ikasleak? HABEk gutxieneko ratioa ere jaitsi digu bederatzitik zortzira, baina zortzi ere gela guztietan ez ziren kabitzen. Horregatik, gela guztietan kamerak eta mikrofonoak jarri ditugu eta saioak zuzenean egiten ditugu. Ikasle batzuk ikasgelan daude eta gainontzekoak etxetik konektatzen dira; txanda sistemak egiten ditugu. Taldeko ikasleen kopurua erabaki dugu izatea gelako edukieraren halako bi, hau da, gela batean gehienez sartzen badira sei edo zazpi ikasle, taldeko gehienezko ikasle kopurua horren bikoitza da. Gainera, ikasle guztiei bermatu diegu ikastaroaren erdia gutxienez klasean egingo dutela. Ikasle kopuruaren arabera egiten dira txandak”, azaldu du Ixidro Yoldik.
Hala ere, Urrats euskaltegiko zuzendariaren arabera, ikasleek “alde handiz” nahiago dituzte aurrez aurreko klaseak: “Gure kasuan ikasle batzuk galdu egin ditugu horregatik: online bidezko atal bat dagoela esatean pertsona batzuek ezetz esan dute. Gehienak etorri dira, ordea”. Ikasleei “ahalegin berezia” eskatu dietela esan du Yoldik, baita irakasleei ere, metodologia aldatu behar izan dutelako: “Hasierako zalantza zen: Nola landuko dugu entzungaia? Klasea normal eman dezakegu, ikasleek oso ondo entzuten dute etxetik, eta etxetik hitz egiten dutena ere oso ondo entzuten da ikasgelan. Baina entzungai bat landu behar dugunean, etxean dabiltzanek gela birtualaren bidez entzungaiak entzun ditzakete, mikrofonoa itzalita. Gauza bera irakurgaiarekin: aurretik irakasleak ikasgela birtualera bidaltzen dizkiete testuak. Mintzamenarekin ere aldaketak egin ditugu. Orokorrean ikasleek oso ondo erantzun dute, eta ez da ia arazo teknikorik egon”.
Azpiegitura lana ez zaie doan atera Urrats euskaltegikoei, ordea: “Inbertsio handia egin dugu, eta laguntzarik ez dugu izan. Gure kasuan, ia 5.000 euroko inbertsioa egin behar izan dugu. Kamerak, mikrofonoak eta Interneteko konexioa handitu behar izan dugu. Horrela, norbait gaixo egon denean edo etxean bakartu behar izan duenean normal jarraitu ahal izan du klasea, ezer galdu gabe. Gainera, badaude ikasle batzuk euskaltegira etorri nahi ez dutenak, prebentzioagatik: horiek beti etxetik egiten dute. Sistema honek guztiei erantzuten die. Teknikoki oso ondo funtzionatu dugu, baina instalazio elektrikoa nahiko garestia izan da… Hor dago inbertsioa, egina dago”, adierazi du Yoldik.
Inoren laguntzarik jaso ez dutela adierazi du Yoldik, ordea: “Instalazioetarako laguntzarik ez dugu jaso: inbertsio horietarako laguntza behar genuen. Geure poltsikotik joan da dena, ordea”.
Hitzez euskaltegiaren kasuan, aldiz, inbertsioa “txikia” izan da: “Ordenagailuak erosi ditugu irakasle bakoitzak berea edukitzeko, baina bestela ez dugu bestelako inbertsiorik egin. Oso ondo moldatu dira ikasleak konfinatu behar izan dutenean, eta egoera oso eramangarria izan da”, azaldu du Ainhoa Sanchezek.
Metodologiari dagokionez, Hitzez euskaltegian aurrez aurreko klaseen alde egin dute: “Kutsaturen bat klasean izan dugunean konektatu egiten da klasera, eta ikasleek jarraitu ahal izan dute klasean egiten dena eta euskaltegian daudenek ikusten dute ikaslea. Bitxia da egoera, baina ondo moldatu gara. Metodologia aldetik jarraitu ahal izan dugu normaltasunean, klase presentzialekin. Gure eskaintza mantentzen ahalegindu gara: klase presentzialak ematen jarraitzeko erronka izan dugu. Autoikaskuntza ere ematen dugu, baina lehen bezala”, azaldu du euskaltegiko zuzendariak.
Metodologian ez ezik, kudeaketan ere aldaketak eragin ditu pandemiak, Hitzez euskaltegiaren kasuan: “Soto batean gaude, leihorik ez daukagu. Ate guztiak zabalik izaten ditugu, eta haize sistema berritzaile bat daukagu korrontea sortzen duena. Ikasleak berokiak jantzita egoten dira batzuetan, ahal duten bezala. Gutako inork ez du harrapatu katarro bat ere, eta hori hotzak harrapatzen egoten garela. Kontentu nago”, esan du Sanchezek. Inor kutsatu ez izana maskarak ere laguntzen duela uste du Andoni Lamarka irakasleak: “Maskara erabiltzea da garrantzitsuena, eta euskaltegia da horren froga. Maskara ez dugu kentzen klasean, eta hori erabakigarria da, nire ustez”.
Eskaria aldatu du pandemiak
Urrats, AEK eta Hitzez euskaltegiek klase presentzialak mantendu badituzte ere, bestelako eskaintza ere badute, izan online klaseak, izan autoikaskuntza. Azken bi modalitate horien eskaria “izugarri” handitu da Isidro Yoldiren arabera. Bat dator Aitziber Otegi AEK-ko arduraduna: “Ez dakit beldurragatik izan ote den, hau da, jendeak ez zuela aurrez aurreko klaseetara etorri nahi edo beste aukerarik ez zuelako. Badaude batzuk txandaka lan egiten dutenak. Orain arte, goizez edo arratsaldez etortzen ziren. Ezin dugu orain hori egin, pertsona bera bi talde desberdinetan egotea litzatekeelako, bi leku okupatzea, alegia. Orain, gehienetan goizez ahal baldin badu goizez etortzen da ikaslea, eta gainerakoa irakasleak posta elektroniko bidez bidaltzen dio. Online ikaskuntzan jende asko kanpoan geratu da, irakasleek ezin dituztelako artatu, topera gaudelako”, azaldu du.
Antzekoak dira online ikaskuntza eta autoikaskuntza, baina ez dira gauza bera: “Mailaka hainbat ikastaro ditugu online, eta hamabostean behin unitate bat egin behar dute. Tutore bat dute, eta bi astean edukitzen dute tutoretza online. Autoikaskuntzakoak astean behin etortzen dira tutoretza egitera, eta materiala paperean ematen zaie gehienbat; astean behin aurrez aurreko mintza saioa edukitzen dute ordu eta erdiz”, azaldu du Aitziber Otegi AEK-ko arduradunak.
Laguntza instituzionalari dagokionez, zenbait hutsune identifikatu ditu Ainhoa Sanchezek: “HABEren aldetik bageneukan bederatziko ratioa, eta zortzira jaitsi zuten. Diruarekin bere hartan jarraitu dugu, eta igoeratxo bat izan dugu aurten. Horretaz gain, ez dugu bestelako laguntzarik eduki, ez da partida ekonomikorik egon maskarak erosteko edo euskaltegia egokitzeko, gaur egun ezarrita dauden arauak bete ahal izateko”.
Euskaltegietako ikasleen profila ez du aldatu pandemiak, “denetarikoak” direlako, Andoni Lamarkaren arabera: “Azken urteetan sumatu dugu gehiago etortzen direla jubilatuak, eta jende gazteari dagokionez, etorkinak”.
Jubilatuen presentzia nabarmena da Urrats eta AEK euskaltegietan ere. Gainera, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak diruz laguntzen ditu. Denetarikoak dira Euskara Zerbitzuak euskaltegiei ematen dizkien dirulaguntzak.
Lehenik, donostiarrei edo Donostian egoitza soziala duen enpresa batean lan egiten duen pertsonei zuzenean dirulaguntzak eman dizkie udalak: 2019-2020 ikasturtean, 1.547 lagun lagundu zituzten diruz, eta 248.075,05 euro bideratu zituzten laguntza horretara. “Dirulaguntza hauek euskalduntze prozesu arruntean dabiltzan ikasleentzat izaten dira. Ikasleak matrikula ordaindu eta dirulaguntza eskatu behar du ikasturte hasieran. %75eko bertaratzea eta azpimaila bat gainditu izana bermatuz gero, matrikularen %55 arte jaso dezake dirulaguntza modura. B1, B2, C1 edo C2 mailak gaindituz gero, HABEk osatu egiten ditu dirulaguntza horiek. Eta B2 arteko ikasketa prozesua dohainik atera daiteke”, azaldu du Edurne Otamendi Euskara Zerbitzuko zuzendariak.
Bigarrenik, euskaltegiei dirulaguntzak ematen dizkie udalak, helburu bereziak dauzkaten ikastaroak antolatzeko. Horrela, zeharka 529 ikasle lagundu dituzte: merkatariak, ostalariak, gurasoak, adinekoak, eta migratzaile berriak. Adinekoak dira nabarmen laguntza gehien eskatu dituztenak, 274ek 2020an, hain zuzen.
Hirugarrenik, langabeentzako doako ikastaroak antolatzeko dirulaguntzak ematen dizkie Euskara Zerbitzuak euskaltegiei: 97 langabek jaso zuten laguntza hori 2020. urtean.
Donostiako Udalak euskaltegiak laguntzen jarraitzeko asmoa duela adierazi du Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko zuzendariak: “Udalaren aldetik badago asmoa euskaltegiekin elkarlana areagotzeko, batez ere xede berezietako taldeei begira, migratzaile berriei begira eta abar. Egunerokotasunean jarduteko oinarrizko hizkuntza beharretatik hasita izan dadin euskalduntze prozesua. Ikasi ahala erabiltzeko aukera izanda motibazioa ere areagotu egiten da, eta euskalduntze prozesurako arrakastatsuagoa izan daiteke modu honetara”.
Zer behar dute euskaltegiek?
Euskaltegiak pandemia egoerara ondo egokitu badira ere, hainbat behar dituzte. Horietako bat aholkularitza da, Urrats euskaltegiko zuzendariaren arabera: “Pandemia egoera honekin lotuta, argi dago hasieratik aholkularitza behar izan dugula, eta ez dugu apenas jaso. Oso erreferentzia gutxi eman zaizkigu eta euskaltegi bakoitzak bilatu behar izan du bere soluzioa. Alde horretatik, irakaskuntza arautuan bestelako laguntzak eta gomendioak izan dituzte. Formazioaren aldetik, guk egin ditugu barne formakuntza saioak. Euskaltegian badaukagu informatikaria, eta berak eman dizkie saio praktikoak irakasleei. Formazio teknologikoan eta metodologikoan guk geuk antolatu dugu formakuntza”.
Irakasleen lan-baldintzak hobetzeko beharrari garrantzia aitortu dio, aldiz, Hitzez euskaltegiko zuzendariak: “Garrantzitsuena izango litzateke irakasleen egoera hobetzea, soldatak parekatzea euskaltegi publikoekin. Hori da lortu nahi duguna, eta ea noizbait lortzen dugun. Irakasleek osatzen dute enpresa, eta beraiei esker ditugu ikasleak. Guk oso lantalde txikia daukagu, baina finkoa da, eta ez dugu joatea nahi. Ez joateko baliabide ekonomikoak behar ditugu”.
Aitziber Otegik adierazi du behar ekonomikoak dituela AEK euskaltegiak: “Gu Euskal Herri osoan gaude: Hegoaldean bi administrazioren menpe eta Iparraldean beste baten menpe. Guk behar handiagoak ditugu ekonomikoki: batzuek laguntzak ematen dizkigute eta beste batzuek ez, eta jasotzen duguna guztien artean banatzen dugu. Beste euskaltegi batzuetan agian guztia digitalizatuta dute… bada, guk ez. Guretzat, oinarrizkoena da ikasleek ahalik eta gutxien ordaintzea, gure helburua doakotasuna delako. Ikasleei kobratzen zaiena da justu irakasleok duintasunez bizi ahal izateko eta euskaltegi duina eduki ahal izateko behar duguna. Administrazioek diru gehiago ematea nahi dugu, eta ez ikasleek gehiago ordaintzea edo guk gutxiago kobratzea. Berez, berdintasunezko eskubide bat da denok euskaraz jakitea, eta administrazioek eman behar digute dirua baliabide hobeak edukitzeko”.
Horretaz gain, euskararen sustapena funtsezkoa dela uste du Isidro Yoldik: “Euskararen ezagutzaren beharra sustatu behar da. Hori auzi soziolinguistikoa da, jakina, baina gizartean oraindik ere badira pertsona asko elebakarrak direnak edo euskara ez dakitenak. Horiek nola erakarri? Euskara sentitu behar dute gauza ona dela, baliagarria, aberatsa, erakargarria eta zerbait ematen diena. Sustapena funtsezkoa da euskarara hurbildu ez diren herritarrak erakartzeko. Gero etorriko da, edo horrekin batera, dirua eta finantzazioa. Dirua eman diezagukete, baina ikaslerik ez badago alferrik ari gara. Euskaraldia eta Korrika bezalako ekimenetan gizarteari ematen zaio bultzada bat, baina ezagutzaren beharraren sustapena esaten dugunean, atal asko daude: administraziotik egin behar den sustapena, lanpostu publikoetan euskararen derrigortasuna bermatu behar da, leku guztietan bermatu behar zaie herritarrei euskaraz artatuak izateko eskubidea, izan anbulategia, izan epaitegia… Bultzatu behar da merkataritzan: badira merkatari euskaldun asko, baina askotan inertzia edo utzikeriagatik euskarara jotzen dugu eta dute. Orduan, sustapena oso garrantzitsua da oraindik euskarara hurbildu ez diren herritar horiek euskararen beharra sentitzeko”.
“Argi” du Aitziber Otegik: euskaltegiak funtsezkoak dira euskararen normalizaziorako. “Ezagutza oinarrizkoa dela erabilerarako, eta erabilera oinarrizkoa da euskararen normalkuntzarako eta unibertsalizaziorako. Zenbat eta jende gutxiagok jakin, orduan eta gutxiago hitz egingo du. Zenbat eta jende gehiago joan euskaltegietara euskara ikastera, gehiagok erabiliko dute… Kate bat da”.