Ibaeta eta Añorga lotzeko hirigintza proiektu bat lantzen ari da udala
Infernua berritzeko lanak urtea bukatu aurretik hasiko direla adierazi du Eneko Goia alkateak. Hirigintza proiektu hori bukatzean, udalak Ibaeta eta Añorga artean dauden lursailak berrantolatu nahi ditu bi auzoak elkartzeko. Albisteak ezustean harrapatu ditu auzotarrak.
Etorkizuneko proiektua bada ere, ideia mahai gainean du Donostiako Udalak. Eneko Goia alkateak pasa den astean aurreratu zuenez, Ibaeta eta Añorga lotzeko hirigintza proiektu bat garatu nahi du udalak. Horretarako, bi auzoen artean dauden errepide zein bihurguneak berrantolatu beharko lirateke. Gipuzkoako Foru Aldundiari dagoeneko jakinarazi diote asmoa, eta Infernua berritu ondoren garatzen hasiko dira. Azalera handiko lursail horretan etxebizitzak eta bestelako ekipamenduak jartzea aurreikusten du udalak.
Ibaeta eta Añorgako auzotarrek ezustean jaso dute albistea, eta hasiera batean ondo iruditzen zaie bi auzoen arteko lotura ahalbidetzea. Nolanahi ere, proiektua bere osotasunean ezagutu nahi dute. Esaterako, Añorga Txikitarrak auzo elkartea udalarekin harremanetan jarri da hirigintza proiektu horren berri izateko, eta horri buruz hitz egiteko goiz dela adierazi diete. Auzo elkarteak gertutik jarraituko du udalaren asmoa, Añorga Txikiko bulebarizazioaren bigarren fasearekin bat egingo duelako.
Infernuaren eraldaketa
Hirigintza proiektuaren helburua da Infernua eremua bizitegi eta zerbitzuen auzo bihurtzea. Plan Orokorraren aldaketak bi zona proposatzen ditu. Batetik, merkataritza erabilera izango duena. Zuatzura doan Zubiberri bidearekin lotura zuzena izango du, eta han zerbitzu berriak jarriko dituzte. Bestetik, bizitegi eremua kokatuko dute zerbitzu gunearen eta ibilgailuen kontzesionarioaren artean. 540 etxebizitza aurreikusten ditu udalak, 270 babes publikokoak eta 270 etxebizitza libreak. Infernua berritzeko lanak aurten hasiko direla adierazi du udalak.