"Korrika ezin da ordezkatu"
Aurten egitekoa zen Korrika, baina pandemiaren ondorioz bertan behera uztea erabaki du AEK-k. Helduen euskalduntzeari bultzada ematen zion Korrikak, eta ondorioz, kalte ekonomikoa nabarituko dutela uste du Aitziber Otegik, AEK-ko arduradunak.
Nola eragin dio AEKri Korrika ez egiteak?
Alde batetik, antolakuntzari eragin dio. Urte osoa Korrikari eskaintzen dion jendea badago, baina horrez gain, AEKn bertan beste lan batzuetan gabiltzan batzuek ereKorrikari dedikatzen diogu urte hori. Antolakuntza aldetik, beraz, aldaketak izan dira. Baina, batez ere, eragin ekonomikoak izan dira, horri gehituz euskararen presentzia ez dela bermatu aurten.
Zer eragin izan du zehazki kalte ekonomiko horrek zuen kontuetan?
Aurten oraindik ez ditugu nabaritu ondorioak: hurrengo ikasturtean ikusiko dugula uste dut. Oraingoz finantzaketarekin salbatu gara. Finantzaketa eskatu zen, eta zorpetu egin gara; baina horrekin jardun normala egiten ari gara, soldatei eta baliabideei dagokienez. Hurrengo urtean ikusiko dugu.
Nola erabaki zenuten Korrika ez zenutela antolatuko?
Maiatza aldean egoera ikusita hasi ginen guztia mugitzen. Korrika oso ekimen masifikatua da, eta zalantzan jartzen hasi ginen, eta beste plan batzuetan pentsatzen hasi ginen. Kooperatibistak gara, baina batzarren bidez erabakitzen ditugu gauza guztiak. Beraz, AEK-ko kide guztien arteko bozketaren bidez erabaki genuen atzeratzea.
Korrikaren ordez zer egingo duzue?
Korrikaren ordez ez dugu ezer egingo, Korrika ezin delako ordezkatu. Korrika ez egiteak eragin duen euskararen plazaratze eza beste ekimen batekin egingo dugu, euskara kaleetara ateratzeko. Ekitaldi xume bat egingo dugu, eta hiru ardatz ditu Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! kanpainak. Alde batetik, administrazioari eta eragileei eskatu diegu helduen euskalduntzearen aldeko konpromisoa hartzeko. Euskararen ezagutzan eta erabileran oso elementu garrantzitsua da helduen euskalduntzea. Nik uste dut apustu handia egin behar dela horren alde, benetan egin nahi bada apustu bat euskararen erabileraren alde. Bestetik, jendarteari eskatu nahi zaio bultzada, ez bakarrik euskarari, baita helduen euskalduntzeari ere. Martxoaren 28an egingo den ekimen xumearekin bertara joan eta beraien laguntza azaleratzea eskatuko diegu. Bertara joatearekin laguntza ematen dute jada. Hirugarrena diru ekarpena da. Azken finean, Korrika ez egiteak zor handia eragin digu, eta behar dugu.
Eragileei eskatutako konpromisoak zein forma hartuko luke?
Laguntzea eskatzen diegu. Eragile horiek langileak badituzte, bermatu dezatela langile horiek euskara erabiliko dutela beraien zerbitzuetan. Beraz, eragile bezala euskararekiko konpromisoa erakustea ere izan daiteke kanpora eta barnera begirako dokumentuetan euskara erabiltzea. Beraien langileek euskara ikasiko dutela bermatzea ere garrantzitsua da.
Martxoaren 28ko ekitaldia nolakoa izango da?
12:00etan izango da, Alderdi Ederren. Euskara plazara ateratzeko ekitaldi sinboliko bat izango da. Bertsolari batekin hasiko da ekitaldia, eta grafiti bat margotuko dute helduen euskalduntzea eta Korrika lotuta. Ondoren, AEKren mezua irakurriko da, eta kanta bat abestuko da jendaurrean. Oso xumea izango da.
Ekitaldira joateko izena eman beharko da?
Ez. Edonor joan daiteke, eta horregatik hartu dugu leku handi bat. Segurtasun neurri guztiak bermatuta egongo dira, eta nahi duten guztiak joan daitezke bertara.